Partidu bat bera ere galtzeke segitzen du Sorako Erregional mailako taldeak. Igoera fasean, partidurik galdu ez duen talde bakarra da. Hori horrela, lider dela jokatuko du asteburu honetako partida. Oraingo honetan, sailkapenean 8. dagoen Beasain taldearen Loinaz zelaian dute hitzordua, domekan, 16:30ean.
Azken partidua, Urkiren kontrakoa 3-1 irabazita, orain 21 puntu ditu Sorak eta apur bat handitu egin du sailkapeneko ondorengoekiko distantzia; hala ere, bakarrik hiru punturen aldea dute sailkapeneko lehen bost taldeek. Bigarren doan Antzuola, adibidez, Sorarengandik puntu bakarrera dago.
Edozein modutan, bolada eta emaitza onarekin segitzen du etxeko taldeak. Joan den domekan, 3 gol sartu zizkion Urkiri guztiz aldrebestutako partiduan. Horren erakusle, 10 txartel hori eta bi gorri atera zituen epaileak, 8 txartel hori Urkiri.
Gainera, txartel hori bi jokalari berari atera zizkion, beraz, azkenean, kaleratu egin zuen Urkiko jokalari bat; partiduaren amaieran, berriz, zuzenean txartel gorria atera zion Urkiko beste jokalari bati, protestatzearren.
Kontuak kontu, Sorak 3-1 irabazi zuen partidua. Hori bai, esan beharra dago, partiduko lau golak sartu zituela Sorak, bata, bere ate propioan sartu baitzuen. Edozein modutan, golegile izan ziren Beñat Goenaga Galarraga, Oihan Larrañaga Agirre eta Alain Yanguas Martinez. (Golak bideoan)