Odola ematera joateko deia

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 26a

Odol emaileak iazko martxoan.

Bihar, barikua, urteko bigarren odol ateratzeak egingo dituzte Soraluzen eta, momentuz, bestetan baino geldoago doa txanda hartzea. Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak ohartarazi duenez, O-, A-, B- eta AB- odol moten premia handia dago, beraz, odola ematera joatea komeni da. Bihar, 16:30-20:30 bitartean egingo dituzte ateratzeak. Txanda hartzeko: Gotatanta.eus (gaur) edo 943 007 885 (bihar goizean).

Biharkoaren ondoren, Soraluzen egingo duten hurrengo odol ateratzea maiatzean izango da.

Zeinek eman dezakeen

Odola eman dezake 18 eta 70 urte bitartekoek (65 urte lehenengo aldiz balitz), 50 kg. baino gehiago pisatzen dutenek eta osasuntsu daudenek.

Emakumeek, urtean, hiru aldiz eman dezakete odola eta gizonek, askoz jota, lautan.

Odol emateen artean bi hilabete, gutxienez, pasatu behar dira.

Tatuajeak, kolesterola…

Halaber, tatuatuta daudenen kasuan, 4 hilabete itxaron behar dute odola eman aurretik.

Bestalde, odola emateko ondo hidratatuta egon beharra dago, ez da baraurik joan behar, baina hori bai, garrantzitsua da donazio gunera atseden hartuta joatea.

Osterantzean, odola eman daiteke nahiz eta kolesterol altua izan eta hepatisia 12 urte izan aurretik pasatuta izanda badago.

Edozein kasutan, odola eman aurretik, segurtasunagatik, bai emailearentzat zein jasotzailearentzat, osasun elkarrizketa egiten da, eta emailearen tentsioa zein hemoglobina maila begiratzen da.