Iruñetik etxeratu nahi ezta

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 26a

Atzo, eguaztena, ederki asko ibili ziren Itxaropena Erretiratuen Elkartetik Iruñera txangoan joan ziren 50 soraluzetarrak. Begoña Elizburuk kontatu duenez, entzierroaren nondik norakoak ikusi ondoren, euren kasetara ibiltzeko aukera eman zieten eta gero elkarrekin bazkaltzera joan ziren. 17:00ak pasa oraindik bazkalostean zebiltzan, kantuan jo eta ke. Bueltan, berriz, Altsasun geratu ziren, etxeratzeko batere presa barik. Hurrengo txangoa Costa Bravara egingo dute, maiatzaren 17tik 22ra. Gaur zabaldu dute izena emateko epea. Argazkiak: Jose Ayora. 

Gure inguruan euria eta hotza sarra-sarra ziren bitartean, atzo Iruñera joan zirenek eguraldi askoz ere gozoagoaz disfrutatu zuten. Euren arteko anbientea ere primerakoa izan zutela kontatu dute eta oro har, ederto asko ibili zirela.

Xehetasunen arabera, lehenengo, entzierroaren nondik norakoak ezagutu zituzten bertatik bertara. Eta bazkaltzera joan aurretik, norbere kabuz ibili ziren. Besteak beste, Begopña Elizburuk kontatu du Gaztelu plaza inguruetan ibili zirela, antzinako tabernetan.

Bazkarirako, berriz, sagardotegia izan zuten topagune eta han ere, ezin hobeto pasa zuten. 17:00ak pasa oraindik bazkalostean zebiltzan, kantuan jo eta ke, eta, bueltan, zuzenean etxeratu barik, bidean Altsasun geratzeko aprobetxatu zuten.

Maiatzean, Costa Bravara 

Hurrengo hitzordua dagoeneko antolatuta dute. Costa Bravara joango dira maiatzaren 17tik 22ra -bost gau-. Gaur, martxoak 26, zabaldu dute izena emateko epea, maiatzaren 7ra arte. Prezioa da 515 euro pertsonako logela bikoitzean. Logelan bakarrik egon nahi izanez gero, gauko 35 euroko gehigarria ordaindu beharko da.