Bizipozez eta indartsu zeharkatu ditu Soraluzeko kaleak Korrika Txikiak. Ehunka umek eta gaztek ozen aldarrikatu dute, “euskara gara!”, eta eskutik eskura eraman dute Korrikaren lekukoa frontoian hasi eta Plaza Barriraino, herriari bi buelta emanez. Plaza Barrixan, berriz, mezua irakurri dute Institutuko eta eskolako ikasle binak, oro har, esanez, “euskara harrotasunez erakusteko eta erabiltzeko” dela eta “Korrika Txikia handia” dela eurak direlako “euskararen motorra”. “Hemen gaude euskararen alde!” aldarrikatuz, txalo artean bukatu dute.