Guztiak dira aita-semeak edo aitaalabak, kasua kasu. Kopako finalerako Sevillara joango diren soraluzetarren adibide bat dira; izan ere, 50 herritar baino gehiago Sevillan izango direla da aurreikuspena. Hainbat, sarrera barik, gainera.
Argazkiko lagunei dagokienez, guztiak dira Realeko bazkide eta guztiek ikusiko dute partidua Cartuja futbol-zelaian, sarrerak eskuratzeko zortea izan baitute.
Batzuek, zuzenean; beste batzuek, zeharka
Argazkiko hamar lagunetatik seik Realak bazkideen artean egin zuen zozketaren bitartez eskuratu zuten sarrera; beste lau, berriz, sarrera tokatu zitzaien eta Sevillara joango ez diren bazkideen sarrerei esker joango dira. Bereziki zoriontsu daude azken lau horiek, hasiera batean sarrera barik geratu zirela pentsatu baitzuten.
Prezioak ere desberdin
Bestalde, sarrerengatik ordaindu dutena ere desberdina da. "Guk 148 euro oraindu dugu", kontatu du Jon Lizarraldek. "Nik, berriz, 259", dio Aitor Prietok. "Eta guk, 133 euro", kontatu du Mikel Alberdik. Lehen biek sarrera Realaren zozketa bidez eskuratu dute eta beste laurek, berriz, beste bazkide batzuen bitartez. Hori bai, birsalmenta barik erositako zein bestelako futbol-federazioetan erosi bako sarrerak dira guztiak; hau da, Realarenak, ofizialak.
Lau, autoz; lau, furgonetaz
Bidaiari dagokionez, hor ere bada desberdintasunik; izan ere, argazkiko hamar lagunetatik seik autoz egingo dute bidaiaren zatirik handiena, eta beste laurek, furgonetaz.
Joaten goiztiarrenak furgonetan doazenak izan dira. Okerrik ezean, atzo, eguena, abiatu ziren Aitor eta Hiart Prieto eta Mikel eta Amets Alberdi elkarrekin furgonetan. 15:00 aldera herritik irten eta gaua Caceresen pasatzeko asmoarekin abiatu ziren. "Caceresen lo egingo dugu, ohean, eta gero dutxatu; eta ondoren, domekara arte, furgonetan", kontatu du Aitor Prietok.
Bi aita-alabek uste dute Kopa ekarriko duela Realak Gipuzkoara. Emaitzari dagokionez, berriz, Aitor Prietok eta Mikel Alberdik 1-2koa nahiko lukete; alabek, berriz, gol gehiago ikusi nahi dituzte, antza, eta 2-3ko kiniela egin dute.
Meridan lo
Azken sei lagunak, aldiz, autoetan doazenak, barikuan abiatuko dira Soraluzetik. Iraultz eta Aitz Arluziaga bariku goizean irtengo dira. Arrasatera lehenengo; hango lagun batzuekin batera joateko asmoa dute. Guztiek ere Meridan hartu dute lo-lekua, Sevillatik bi ordu pasara. Partida egunean, berriz, autobusean joango dira Meridatik Sevillara; izan ere, arrasatearrek autobusa antolatu dute Meridatik propio Sevillara joateko, eta haiekin batera osatuko dute autobusa gaua Meridan pasako duten soraluzetarrak ere.
Partiduaren emaitzari dagokionez, Arluziaga aita-semeek nahiko lukete partidua penaltietan erabakitzea, 1987an Realak eskuratutako lehen Kopan gertatu zen moduan. Aitzek nahiko luke bina berdintzea eta gero penaltietan Realak irabaztea, eta Iraultzek, berriz, bana berdindu eta gero penaltietan irabaztea.
Bestalde, bariku eguerdian irteteko asmoa dute Diego eta Laida Sanchezek. Soraluzeko, Bergarako eta Gasteizko zazpi lagun joango dira elkarrekin, bi autotan. Haiek ere Meridan egingo dute lo, eta lo-lekutik Sevillara arrasatearren autobusean joango dira.
Kinielari dagokionez, Laidak nahiko luke Realak irabaztea, partidaren emaitza penaltiei esker erdietsita; haren aita Diegok, berriz, nahiago luke Realak 1-2 irabaziko balu, penaltietara ailegatu barik.
Azkenik, Jon eta Markel Lizarralde barikuan bazkalostean abiatuko dira, haiek ere Meridaraino; aita-semeak autoan doaz; Meridan egingo dute lo, gainerako lagunen moduan, eta gero, arrasatearren autobusean joango dira Cartuja ingurura. "FanZone-a Cartujatik 10 minutu ingurura dago, eta han kontzertuak-eta denetik dago; beraz, uste dut hara joango garela partidua baino lehen", kontatu du Jon Lizarraldek.
Lizarralde aita-semeek egindakegindako kinielari dagokionez, 0-1eko emaitzarekin pozik legoke Jon, eta haren seme Markelek, berriz, 1-2koa gustukoago du; porretan gehien errepikatzen ari den emaitza, hain zuzen