“Nahiko nekatuta” bukatu zuten atzoko eguna Jabi Hernandezek, Miguel Callejak eta Patxi Garrok Realaren harreraren ondoren. 22:30ean iritsi ziren bueltan etxera eta, lehenagotik ere trote galanta hartuta daude batzuk, “azken batean, batzuk ez gara geratu ere egin barikutik”, dio Jabi Hernandezek.
Bera, adibidez, Sevillan egon da asteburuan. Eta benetan borobil joan zaio guztia. Batetik, sarrera barik joan zen, baina ahalegindu eta ahalegindu, eta, azken momentuan, zapatu arratsaldean lortu zuen Cartujara sartzeko sarrera preziatua.
Bestetik, berak amestutako emaitzarekin irabazi du Kopa Realak, 1987an moduan, berdinketa eginda, penaltietan, oso gustuko duen Marrero atezainaren papera nabarmenduta. Eta azkenik, lunbagoarekin joan bazen ere, orain barik dago, “uste dut osatu nintzela partiduaren ondoren, salto nahiko egon baitziren”, dio barrez.

Atzo, Donostian
Atzo, Realari harrera egitera joan zirenetako batzuk izan ziren hiru lagunak, bi Eibarkoak, Jabi Hernandez (Soraluzen bizi da) eta Patxi Gallo (Eibarko Errealzaleak taldekoa), eta, hirugarrena Soraluzeko Miguel Calleja zen (berez, ez da Realekoa, baina bai haren aldekoa). Arratsaldean abiatu eta 18:15ean ailegatu ziren Alderdi Ederrera. Hernandezek kontatu duenez, pantailetan ikusi zuten Realak zelan egiten zuen Donostiako ibilbidea, harik eta eurak zeuden lekura iritsi arte.
Han egindako ekitalditik, berriz, berarendako “politena, Sevillan moduan, ekipoak eta zaleek Aitor Zabaletarekiko erakutsitako oroitzapena izan zen, eta, guztiok elkarrekin Txoria txori kantatzea, Anoetan kantatzen diren kantuez aparte”, kontatu du.