Zabalik dago aurtengo udaleku irekietarako zein gazte udalekuetarako izena emateko epea

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 23a

Apirilaren 30era eman ahal izango da izena Kukumixoren aurtengo udaleku irekietan zein gazte udalekuetan parte hartzeko. Udaleku irekiak HH3tik LH6ra bitarteko umeei zuzendutakoak dira eta gazte udalekuak, berriz, DBHko gazteendakoak. Urtero, ehundiko gora umek zein gaztek parte hartzen dute bi hitzorduotan.

HH3tik LH6ra bitartekoendako udaleku irekiak uztailaren 6tik 17ra izango dira. Urtero moduan, 10 egunez, adinka eta taldeka elkartu, eta, herrian bertan jolastuko dute, kanpora irteerak egingo dituzte eta gau bat etxetik pasatzeko aukera izango dute, Kukumixoko begiraleak lagun dituztela.

HH3ko umeek goizeko ordutegia izango dute, 10:00etatik 13:00etara. HH4tik LH6ra bitartekoek, berriz, eguenera arte goizez eta barikuetan 10:00etatik 17:00ak artekoa izango dute.

Astebeteko (22,5 euro) edo bi asteko partaidetza (45 euro) aukera daiteke. Hobariak ere badira, baina horretarako udaletxera jo beharko da.

Gazte udalekuak

Gazte Udalekuei dagokienez, berriz, DBHko gazteendako hiru eguneko udalekuak antolatu ditu Kukumixok. Irteerak egin eta gauak San Andresen pasatuko dituztela iragarri dute antolatzaileek. 

Horiek ekainaren 30etik uztailaren 2ra izango dira  eta 30 euro da parte hartzeko kuota. Kasu honetan ere bada hobariak eskatzeko aukera udaletxean.

Udaleku irekietan zein gazte udalekuetan izena emateko, Barrena.eus-en dagoen orria bete -udaleku irekiena HEMEN-  eta Gazte Udalekuena HEMEN- edo Pil-pileanen bulegora jo daiteke.