Dolmenen Ibilbideko aurkikuntza garrantzitsuenak ikusgai eta bisita gidatua bihar

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 29a

Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoa erakusketa gelan.

Dolmenen Ibilbidea ezagutarazteko egiten ari diren ekintzen barruan, gaur, eguaztena, indusketen arduradun Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak hitzaldia eskaini du goizean. Bihar, berriz, 19:30ean Dolmenen Ibilbidearen gaineko dokumentala proiektatuko dute antzokian eta segidan, bisita gidatua izango da Jesus Tapiaren eskutik nahi duten guztientzat. Izan ere, gure arbasoen hilerria den Dolmenen Ibilbidearen gaineko erakusketa garrantzitsua dago ikusgai Soraluzen astelehenetik.

Astelehenean zabaldu zuten Dolmenen Ibilbidean egindako aurkikuntzekin osatutako erakusketa Araneko aretoan. Lehenago Elgoibarren eta Bergaran ere izan da ikusgai.

Soraluzen, maiatzaren 9ra arte izango da gure arbasoen hilerriko aurkikuntza horiek ikusteko aukera. Gaur, eguaztena, berriz, JendartEKIN ekimeneko kideei eskaini die hitzaldia Jesus Tapia indusketen zuzendaria den arkeologoak, eta bisita gidatua egin dute erakusketara.  

Ostegunean, dokumentala eta bisita gidatu irekia

Erakusketari dagokionez, metakrilatozko kutxetan babestuta daude aurkikuntzak. Badaude ere Dolmenen Ibilbidearen mapa bat alfonbra modura eta trikuharriei buruzko informazioa duten panelak.

Bihar, eguena, hori guztia xehetasun gehiagorekin ikusteko aukera paregabea izango da, aurkikuntzak egin dituen Jesus Tapia arkeologo eta indusketen zuzendariak bisita gidatu doakoa eskainiko baitu. 19:30ean da hitzordua. Herri Antzokian elkartu eta Dolmenen Ibilbideari buruzko dokumentala ikusi eta gero izango da bisita gidatua erakusketara.

Berezia, ezohikoa eta garrantzitsua

Izan ere, oso berezia eta garrantzitsua da Soraluzen ikusgai dagoen erakusketa. Batetik, ezohikoa da, lehen aldiz atera baitituzte Gipuzkoako Diputazioaren Gordailutik aurkikuntza horiek eta herritarrek ikusteko moduan jarri; hori balioan jarri du Jesus Tapia arkeologoak.

Bestetik, erakusketa txikia izanda ere, informazio ugari transmititzen duten pieza askotarikoak barnebiltzen ditu. 

Tapiak azaldu duenez, batzuk dira "arruntak, normalak, beste batzuk, berriz, interesgarriagoak. Trikuharrietan, sepulturetan, gorpuak osorik ehorzten ziren, hainbat gauzekin lagunduta, hildakoaren apaingarriak, lepokoak, aleak, eta, baita ere eguneroko tresnak eta trasteak, ontzi zeramikoak, aizkorak, gezi punta desberdinak… Suposatu daiteke direla hildakoaren gauza propioak, beste mundurako jarri zaizkionak, edo, komunitateak bere hildakoari ematen dion zerbait, beste mundurako, errioetan-eta, beste mundurako uzten zaizkien gauza, tresna arruntak eta bestelkoak". 

Halakoen mostra esanguratsua ikusgai dago Aranen.

Giza-hezurrak ere bai

Horrez aparte giza hezurrak ere badaude ikusgai. Gehienak erraustutakoak, askoz ere zailagoa izaten baita erre gabekoak topatzea, haietako gehienak usteldu egiten baitira eta erretakoak, berriz, mineralizatu egiten dira, nolabait, petrifikatu.

Tapiak dioenez, "errausketak ez dira ondo ezagutzen Euskal Herriko dolmenetan" eta hemengo aurkikuntzekin lortu dute ikustea Brontze Arokoak eta Metal Arokoak erlazionatu daitezkeela, "gehienak inzinerazioarekin lotuta" daudela.

Gainera, Araneko erakusketan, bietako hezurrak ikus daitezke, erretakoak bai, baina baita erre gabekoak ere. Hain justu, erre gabekoak Agarreburun topatu zituen Jesus Tapiak eta bere taldeak, eta, horiek bereziak dira. "Erre gabeak dira hileta erritu zaharrekoak. Gero, moda aldatu eta erretzeko ohitura sartu zen", azaldu du arkeologoak. 

Zentzu horretan, ohiturekin lotuta, piezak ez ezik, aurkikuntzei esker lortu duten eta lortzeko dagoen informazioaren garrantzia ere azpimarratu du Aranzadi Zientzia Elkarteko adituak.

Hileta-ohiturak argiago

Esaterako, arbasoen hileta-ohituren gaineko informazioa ematen dute Elosua-Plazentzia Estazio Megalitikoan egindako aurkikuntzek. “Eakusten dute Dolmenen erabilpena luzea izan zela. Hori bai, Harri Aroko gehi Metal Aroko aztarnak daude eta 2.000 urte inguruko distantzia horretan zaila da bereiztea. Aurkikuntzak egitura txikiakoak izaten dira eta ezin da jakin ea trikuharriak behin erabaili diren eta gero berrerabilztzen ziren edo jarraian erabilzen ziren. Korapilo hori, adibidez, zaila da askatzea. Eta zaila da ere zenbait materialekin kronologia zehaztea. Lortu duguna edo helburua da zenbat eta gehiago aztertu ea kapaz garen faseak bereizten, akaso ez dolmen bakar batekin, baina denak elkarrekin konparatuta akaso bai”.

Metalezko piezak

Jesus Tapiak azaldu duenez, kronologiarekin lotuta, aurkikuntzen artean, “badira gauza bitxi batzuk. Gizaburuagan eta beste toki batzuetan aurkitutako metalak”, adibidez. “Erakusten dute hileta-ohiturek segitzen dutela Harri Aroaren bukaeratik Metal Aroaren hasierara. Gainera, metalezko pieza berezi samarrak aurkitu dira hemen, adierazten dutelako metalaren jatorria ez dela bertakoa, baizik eta iberiar penintsula barrenekoa dela”. 

Harrizkoak ere bai

Tapiak gaineratutakoaren arabera, aurkikuntzen artean badira ere harrizko piezak. Eta "harrizko tresnak aztertuta jakin daiteke komunitate horiek zelako distantziako harremanak zituzten, suharrien kasuan, Araba, Nafarroa eta Bizkaiko jendearekin harremanak zutela ikusi dugu", esplikatu du Tapiak.

Bada, esandakoa: orain arteko aurkikuntzak ikusteko aukera eta azken egunak dira Soraluzen. Edozein modutan, etorkizunean gehiago izango delako esperantza ere bada. Jesus Tapiak esan duen moduan, “indusketak egin zituzten aitzindariek uste ez bezala, espero ez zen materiala azaldu da, badago materiala oraindik, bada informazioa oraindik eta ikerketarako aukera ez da agortu”.

Zentzu horretan, indusketak egin zein zabalpena egiteko laguntasuna eman duten erakunde guztiak eskertu egin nahi ditu Jesus Tapiak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Debegesa, Gordailua, Soraluzeko, Bergarako eta Elgoibarko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkartea.