Soraluzetik ere izango da egueneko manifestaziora joateko autobusa

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 5a

Atzoko mobilizatzeaz aparte, aste honetako eguenean ere kalean izango dira pentsiodunak. Kasu horretan, Gasteizen egingo dute protesta, “Jaurlaritzari eta Gasteizko Legebiltzarrari gogorarazteko ezin dela gehiago atzeratu gutxieneko pentsioen osagarria LGS Lanbide arteko Gutxieneko Soldataraino onartzeko konpromisoa, are gehiago bizitzaren kostuaren garestitze handi baten aurrean gaudenean”. Soraluzetik ere izango da Gasteizera joateko autobusa. Eguenean, 09:10ean irtengo da, Estaziñotik.

 

Atzo, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratean, egueneko manifestazioa izan zuten hizpide nagusi. LGSren eta gutxieneko soldataren arteko parekidetasuna bermatzeko osagarritasuna aldarrikatuko dute Gasteizen, pentsiodunen mugimenduak deituta, eta, Soraluzetik ere bertara joateko deia egin zuten. 

Koefiziente murriztaileak kentzeko

Horrez aparte, atzoko elkarretaratzean, koefiziente murriztaileak ere barbegai izan zituzten. Haiek ezabatzeko Diputatuen Kongresuan azaroan mozio bitartez egindako eskaera berretsi zuten atzo. Lege-erreforma eskatzen zuten kentzeko koefiziente-murriztaileak "egungo erretiroan edo erretiroa hartzen dutenean 40 urtez kotizatu dutenei”.

Argudiatu zutenez badaude horretarako baliabideak: “Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak argitaratu duen txosten baten arabera, Gizarte Segurantzak 3.172 milioi euro baino gehiagoko superabita du, kuoten % 7,8 gehiago ordaindu ostean. Horrez gain, Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsa 2026an 14.000 milioi eurora iritsiko dela ere iragarri dute; horrek iradokitzen du badaudela baliabideak koefiziente murriztaile horiek ezabatzeko”. 

Gauzak horrela izan arren, jakinarazi zuten agintariek "ez dutela inolako seinalerik eman koefiziente murriztaileak ezabatuko dituen legea garatzeko" eta hori ikusita, Podemos, EH Bildu, ERC, Junts eta BNG alderdiek informazioa eskatu dutela neurri horien izapidetze-faseari buruz.

Azkenik, aurtengo errenta aitorpena dela-eta, ohartarazi zuten urtarrila eta ekaina bitartean, 14.000 € eta 20.000 € arteko lan etekin gordinak dituztenei PFEZaren atxikipenak aplikatu zitzaizkiela. Eta haiek atxikitako kopuruak berreskuratzeko, errenta aitorpena aurkeztu beharko dutela.