Quicu Puges (Sorafolk): “Prozesu hauek oso inportanteak dira eta zentzua ematen diote musika ikasteari”

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 8a

Quicu Pugés biolontxeloarekin. Argazkia: Quicu Pugés.

Bihar, zapatua, folk musika herrikoia hari-instrumentuekin lantzea helburu duen SoraFolk Topaketaren hiurgarren edizioa egingo dute Soraluzeko Musika Eskolaren eskutik. Biolin, biola eta biolontxelo jotzaileei zuzendutako topaketa da eta goi-mailako musikariak izango dira gidari: John Prieto, Arkaitz Miner eta Quicu Puges. Azken horrek esan duen moduan, halako topaketek “zentzu handia ematen diote musika ikasteari”. Gaur da SoraFolk-en izena emateko azkeneko eguna.

Zelan doa izen-ematea?

Nahiko ondo. Biolinak 5-6 apuntatu dira, txeloak sei-zazpi, hiru biola 3 eta kontrabaxu 1, ondo. Oreretatik, Bergaratik, Eibartik eta Soraluzetik etorriko dira. 

Zelako profila dute izena eman dutenek?

Gehienak helduak dira, musikarekiko beste bisio bat dutenak-edo.

Zelan egituratuko da goiza?

Goizean eskolak izango ditugu. Asmoa da malguak izatea. Elkarrekin edo taldeka jardungo dugu, erritmoaren arabera. Asmoa da goizean 3-5 kanta ikastea. Gutxienez hiru, eta, ondo bagoaz eta gogotsu bagaude, bost.

Kanta batzuk elkarrekin landu eta ikasiko ditugu, eta, gero akaso banatu egingo gara taldeka. Ikusiko dugu. Hiru irakasle gaude, bat lider eta besteak laguntzaile modura; eta, adibidez, laguntzaileok ikusiz gero norbait galduta-edo dagoela, ba beste gela batera joan eta lagunduko diogu.

Gero elkarrekin bazkalduko duzue, eta arratsaldean, kontzertua…

Hori da. Bazkalduko dugu elkarrekin. Oso inportantea da hori, anbientea zaintzeko eta lantzeko. Nork daki, akaso hor ere ikasiko dugu kantaren bat, normalean janariarekin hobeto ikasten da. Ingurua eta giroa zaintzea oso inportantea da. Eta bazkaldu eta gero, entsegu moduko bat egingo dugu, bere tokian ipini eta forma emateko kantei, goizean landutako kantei. Eta gero ya kalera, al lio.

Kontzertuari dagokionez, aurreko bi urteetan irakasleek ere pare bat kanta egin genituen sarrera moduan-edo, gero denak elkarrekin jo genuen eta gero… ba ikusiko dugu.

SoraFolken hirugarren edizioa da ya, geratzeko etorri den ekimena dela esango zenuke?

Asmoa, helburua hori da. Nagoreri eta Domentxi esan nien aurten eskolatik kanpoko bat ere badatorrela, Arkaitz Miner. Hura erreferente oso ona da Euskal Herrian, beraz, aurtengoa plus bat da. Asmoa da ere, Arkaitz etortzen bada, harekin beste harreman batzuk ere landu… eta pixkanaka-pixkanaka.

Arkaitz Miner irakasleak berak esan zuen, besteak beste, esanguratsua eta interesgarria dela SoraFolk tailerra, ezohikoa…

Halako topaketa gutxi daude, eta, uste dut Arkaitz, John… oro har, musika eskolan konbentzituta gaudela prozesu hauek oso inportanteak direla, eta, zentzu handia ematen diotela musika ikasteari. Halakoak beti egon dira musika eskoletatik kanpo, eta, halakoetan ikasteko dinamikak desberdinak dira, ez gara horrenbeste fijatzen partitura irakurtzearekin, baizik eta entzun eta moldatu egiten gara, elkarrekin jarduteko… motibazio eta zentzu handia ematen du.

Adibidez, egin daiteke konparaketa futbolarekin; hau da da partidu bat izatea moduan; guk entrenamendu asko eta partidu gutxi izaten ditugu, eta, partiduak, adibidez, zentzua ematen dio astean korrika egiteari.

Batik bat, zure eskutik dator ekimena, ala?

Domentxen, Nagoreren eta hiruron artean pentsatu genuen zerbait egin behar genuela, Crisol de Cuerda udalekuak egiten diren moduan. Antolatzen dituzte kurtso batzuk folka egiteko, ez bakarrik hizkuntza bezala, baizik eta nola pentsatu, sentitu eta ikasi ere partekatzeko. Guk hori bizi dugu eta nahi genuen bultzatu, eta, gure alea ipintzea.

Irakasle aldetik, behintzat, maila altukoa bada.

Bai, hemen ez dakit oso ondo zer esan, baina bai, denak gaude aktibo mundu honetan, irakasle moduan, musikari moduan… Johnek, adibidez, dinamika hauek oso barneratuta ditu, ze talde askotan parte hartzen du, eta hori oso inportantea da.