"Momentu atsegin bat pasatzeko aukera" Aitor Huergo kantautorearekin, gaur, Asigor tabernan

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 8a

Aitor Huergo gitarrarekin.

Gaur, barikua, folklorearen sustraiak kantagintza propioarekin uztartzen dituen Aitor Huergo (Bilbo, 1977) euskal abeslari eta konpositoreak kontzertua emango du Asigor tabernan. 20:30ean hasiko da emanaldia, eta lagun izango ditu puntako musikariak: Josu Salegi saxofoi-jotzailea eta Adrian Larrañaga perkusio-jotzailea.

Aitor Huergok berak esan duen moduan, hirukote formatuan etorriko dira, eta, haren estiloari eutsita, entzuteko musika egingo dute, "atenditzea eskatzen duena"; baina kontzertu intimo edo lasaia izateaz batera, "nahikoa inprobisatutakoa" ere izango da, aldi berean. Kantak berak izango dira, baina Josuk jazz estiloa menderatzen du eta momentuan inprobisatu ere egingo du; Adrian, berriz, flamenko-mundutik dator [La Pulgarekin jotzen du], eta hark ere antzera. Kantak elkarrekin jo ditugu, muntatuta daude, badakite zelakoak diren, eta, hortik aurrera, espresio purua izango da", esan du musikariak.

Huergok bi disko ditu kaleratuta, Barruko paisaiak –2022, autoekoitzita– eta Ganbarako doinuak –2024, autoekoitzita–, eta gaurko kontzertua bietako kantuekin osatuko duela azaldu du. Gitarra du hark instrumentu sormenerako zein interpretatzeko, eta Soraluzera gitarra elektroakustikoarekin etorriko da. 

Iragarri duenez, Asigor tabernan ordubete inguruko kontzertua emango dute, eta izango da "momentu atsegin bat pasatzeko aukera". 

Bi disko

Lanbidez zein zaletasunez, musikarekin bizi da Aitor Huergo. Umetatik bizi du barru-barrutik musika, eta ogibidea ere bertatik bideratu du, 20 urte baino gehiagoan dihardu-eta musika erakusten, besteak beste, Bilbon, Azpeitian eta Deban. 

2018an kantautore moduan jauzia eman ondoren etorri ziren bere diskoak. 2022an grabatu zuen lehen lana, bakarka, Barruko paisaiak izenburuarekin. "Oso lan berezia eta intimoa, barru-barrutik egindakoa", haren esanetan. Urte berean beste disko baten grabazioan kolaboratu zuen, Azpeitiko Mainlander rock taldearekin. Eta 2024an, bigarren diskoa kaleratu zuen Itziarren bizi den bilbotarrak. Ganbarako doinuak izenburua ipini zion bigarrenari, eta bertan, bestelako musika tresnak txertatu zituen, bestelako musikariekin –tartean, Mikel Markezen kolaborazioarekin–, eta emaitza izan zen folk eragin nabarmena duen "lan irekiagoa". 

BARRENAri esan dionez, hirugarren diskoa izan daitekeenaren abestien zirriborroak idazten eta lantzen hasita dago.