Sorako Erregionala mailaz igo da

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko maiatzaren 10a

Soraluze Futbol Taldearen Erregional mailako taldea.

Atzo, Soraluze Futbol Taldeko Erregionalak datorren denboraldia preferente mailan jokatzeko txartela eskuratu zuen, igoera faseko partidua galdu zuen arren. Beste kategoria batean gertatutako emaitza batek eragin du Sorak matematikoki igoera ziurtatu izana.  

Atzo arratsaldean, Soraluze Futbol Taldeko Erregional taldeak igoera faseko ligaxkako azken hirugarren partidua jokatu zuen Zumarragan, Urola taldearen aurka. Plazentziatarrek hiru eta bat galdu zuten baina hein batean, galdumina arindu egin zen jakin zutenean matematikoki ziurtatua zutela datorren urtean lehen mailan jokatzeko txartela. Izan ere, atzo Deustok Ohorezko maila galdu zuen eta ondorioz, klub berekoa filiala den eta Soraren multzoan ligaxka jokatzen diharduen Arrupe taldea mailaz igotzeko aukerarik gabe gelditu zen, klub bereko bi taldek ezin baitute maila eta multzo berean jokatu. Hala, atzora arte, ligaxkan sailkapen buru den Sorarentzat eta haren atzetik lehen lau postuetan diren Ikasberri, Trintxerpe eta Antzuolarentzat mehatxu zen Arrupe taldea baina atzo mehatxu izateari laga zion eta harrezkero, sailkapenean aurrenengo hiru postuetan diren taldeek ziurtatua dute Preferente mailara igotzea, Antzuolak oraindik ez.   

Ospakizuna datorren zapatuan

Soraluze Futbol Taldeak jakinarazi duenez, lehen mailarako igoeragatiko ospakizunak datorren zapatuan egingo dituzte, egun horretan Erregionalak Ezozin jokatuko duen ligaxkako azken aurreko partiduaren ostean. Azken aurreko partidu horretan, Azpeitiko Ikasberri izango dute aurkari, sailkapenean bigarren eta Sorarekin puntutan berdinduta dagoen taldea. Ondorioz, lehia bizia aurreikusten da plazentziatarren eta azpeitiarren artean.