“Eskariak egiteko eskubidea oinarrizko eskubidea” dela gogora ekarri zuten atzoko elkarretaratzean. Hori abiapuntu, jakinarazi zuten “Estatuko 4/2001 Lege Organikoak eta Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legeak arautua” eta “Espainiako Konstituzioaren 29. Artikuluan babestuta”, Lehendakariari zuzeneko eskaera egin diotela, neurriak hartzeko, “pentsiorik baxuenak indarrean dagoen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataraino osatzeko”.
%40 garestitu
Esan zuten “gerra inperialistek areagotu” egin dutela “bizitzaren kostua”. “Erosketa-saskiko oinarrizko produktuek, hala nola olioak, arrautzek, frutek edo berdurek, %40tik gorako igoerak izan dituzte. Argia, gasa, etxebizitza edo dependentzia ere asko igo dira”.
Berretsi zuten “pentsio baxuenak emakumeek jasotzen dituztela batez ere”, pentsioetan “%30etik gorako arrakala” izateraino. Eta, batik bat, lehentasuna ezarri zuten “laurogei urtetik gorako” pertsonengan eta eskatu zuten “emakumea har dadila pertsona bakarreko unitate ekonomikotzat, independentzia eta autonomia ekonomikorako eskubidearekin, ezein bizikidetza-unitatetan integratu gabe”.
Esplikatu zutenez, “orain gobernuak 3 hilabeteko epea du erantzuteko, eta positiboki egin dezan borrokatuko” dute, “pentsiodun prekarioenek behar dutelako eta merezi dutelako”.