Zapatuan, futbola amaitzean, errugbiak hartu zuen Ezoziko zelaia. 12:30ean hasita, Rugby 7s edo Seven a side modalitateko partiduak jokatu zituzten Debarroa, Gaztedi Rugby Taldea (Gasteiz) eta Zarautz Beltzak taldeek. Bestela esanda, ekipo bakoitzak hamabost jokalariz beharrean zazpi jokalariz osatutatako ekipoen arteko partidak jokatu zituzten, 11 partidu guztira.
Enekoitz Igartua SoraGazteak Rugby Klubeko ordezkariak esan duenez, “oso ondo” joan zen guztia, “giro bikaina” izan zuten eta “pozik eta gustura” bukatu zuten. Topaketa borobiltzeko, hirugarren denboran, makarroiak bazkaldu zituzten elkarrekin. Bestalde, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete epaile lanak betetzen ibili ziren entrenatzaileei.
Liga amaiera eta Errugbi Eguna
Soraluzen errugbiarekin izango den hurrengo hitzordua ekainaren 13an izango da, Errugbi Eguna ospatuko baitute orduan. Baina lehenago, denboraldia amaitzeko, Donostiako Kontxan elkartuko dira errugbilari gazte guztiak -16 urtez azpikoak izan ezik-. Maiatzaren 31n da hitzordua, 10:00etatik 14:00etara.