Gaur, 18:00etan hasita, frontoian dantzan ibiliko dira Turbo, Diamante, Galaxy, Prisma, Turbo-galaxi, Avispón, eta Mundialeko zibak, gaur izango baita urteroko ziba topaketa.
Ohi denez, hasteko, erakustaldia egingo du nazioarteko ziba txapeldun Jorge Morales mexikarrak. Bertan erakutsiko du zibarekin duen maisutasuna, txakurtxoa, igogailua, McQueen, zubia… moduko figurak egiten eta erakusten.
Lehiaketa eta sariak
Gero, ziba lehiaketa hasiko da. Edozeinek parte har dezake eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Parte hartu nahi duten lehiakideak bata bestearen ondoan jarri eta taldeka banatuta, tronparekin hainbat figura edo jolas egiteko eskatuko die Jorge Morales mexikarrak.
Kanporaketa estilora, agindutako frogak gainditu ahala, batzuk kanpora eta beste batzuk hurrengo fasera pasatzen joango dira, azkenean, finalera ailegatu arte. Azkenean, abilenei edo zorterik onena izan dutenei sariak emango dizkie Moralesek.
Zibarekin jolasean
Jorge Morales nazioarteko ziba txapelduna pandemia baino lehenagotik dabil Soraluzera etortzen Iratxo Goxo-dendaren eskutik ziba topaketa egitera.
Urteroko topaketa horri esker, sikiera urtean hainbat astez, Soraluzeko ume askok izaten dute zibarekiko zaletasuna, eta ohikoa izaten da kalean eta plazan umeak zibarekin jolasean ikustea, sasoi batean arrunta zena, gaur egun berezi bilakatu den irudia.