Jone Telleriaren argazki konposizioak eta margolanak ikusgai Oreka Art galerian

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko maiatzaren 13a

Jone Telleria artista bergararrak Airean izeneko erakusketa ezarri du Soraluzeko Oreka Art galerian, berak sortutako argazki konposizio eta margolanak erakusteko. Erakusketa ikusgai izango da maiatzaren amaierara arte.  

Joan zen barikuan, inauguratu zen Jone Telleria artista bergararraren Airean erakusketa Alberto Ramirezek zuzentzen duen Oreka Art galerian. Aurkezpen ekitaldian dozenaka pertsona batu ziren, tartean Telleriaren lagunak eta senideak, beste artista batzuk, Udaleko ordezkariak eta zenbait herritar. 

Ramirezek azaldu zuenez, erakusketan Telleriak azkenengo bost urtetan sortu dituen argazki konposizioak daude ikusgai, bergararrak "naturan eta landarerian inspiratuta" osatu dituenak. "Ez dira benetan existitzen diren zerbaiten argazkiak baizik eta berak konposatzetik sortutako irudiak", azpimarratu zuen Ramirezek.

Telleriak berak azaldu zuen nola sortzen dituen artelanak: "Dena hasten da paseatzean. Egunero paseatzen dut zakurrarekin eta behatu egiten dut ingurua eta gauzak jaso ere bai, esaterako zuhaitzen hostoak. Ondoren, lehortu egiten ditut eta haiekin konposizioak egin. Azkenik teknika bat aplikatuta, konposizio horien irudiak ikus daitezke mihise batean, modu fotografikoan. Materiala batu eta konposizioak egin. Horixe da dena". 

Konposizio lanez gain, bergararrak margotu ere egiten du, eta erakusketan ikusgai ipini ditu grafitoz marraztutako giza gorputzaren irudikapenak diren zenbait margolan ere. 

Erakusketa ikusgai izango da maiatzaren amaierara arte.