LAB eta ELA sindikatuek salatzen dutenez, “urtez urte” udal langileen “lan-baldintzak okertzen ari” dira. “EAEko udalek urte asko daramatzate lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Udalhitzeko mahaian aldarrikapen asko falta dira, eta udal mailako negoziazio esparruak, orokorrean, ez daude aktibo. Ondorioz, udaletako langileen lan baldintzak okertzen ari dira urtez urte”.
Jakinarazi dutenez, “azken mahai negoziatzailea pasa den maiatzaren 7an izan zen, eta ez ziren behar besteko aurrerapenak jaso EUDELen eta alderdi politikoen proposamenetan. Negoziazioa oso motel doa, eta eduki zehatzak falta dira”.
Bi sindikatuek uste dute “orain dela 16 urtetik berritu gabeko lan-baldintzak adosteko aukera irekita” dagoela oraindik. Baina gaineratu dute “udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek gaur-gaurkoz proposamen integralik egin gabe” jarraitzen dutela, “eta onartu” egin dituztela “Madrildik ezarritako enpleguari eta soldatari lotutako neurriak”.
Testuinguru horretan deitu dute gaurko protesta eta ekainaren 4ko beste greba egin bat ere bai. Lehenago, apirilean ere egin zituzten zenbait lanuzte. Halaber, jakinarazi dute 120 moziotik gora aurkeztu dituztela EAEko udaletan.