Biharko partidua hiru arrazoirengatik da garrantzitsua.
Batetik, Sorako talde nagusiak etxean jokatuko duen denboraldiko azken lehia izango delako.
Bestetik, ekipoa Gorengo Mailara igotzeko helburua lortu berri duela zelairatuko delako.
Eta hirugarrenik, maila-igoera ziurtatuta izan arren, aurtengo denboraldi bikaina borobiltzeko kopa ere irabazi nahi dutelako Sorakoek; eta, horretarako, biharko partidua irabaztea ezinbestekoa dute. Izan ere, bihar aurkari izango duen Azpeitiko Ikasberri taldea bigarren doa sailkapenean. Eta nahiz eta Sora lider izan, biek ala biek 30 puntu dituzte.
Litxarreriak opari
Osagai horiek guztiak kontuan hartuta, eta herritarrak eta, batez ere, zale gazteak taldeari bultzada ematera anima daitezen, Soraluze Futbol Taldeak litxarreriak eta freskagarri bana emango dizkie partidura Soraren kamisetarekin joaten diren ume guztiei.
Bihar 16:30ean hasiko da norgehiagoka, eta umeek bi taldeei egingo diete zelairatzeko pasilloa; izan ere, Sorak bai, baina Ikasberrik berak ere lortu du datorren denboraldiko maila-igoera ziurtatzea.

Denboraldi bikaina
Soraren Erregional Mailako taldeak egin duen denboraldiari dagokionez, berriz, zuzendaritzak "balorazio oso ona" egin du. Azpimarratu dute Gorengo Mailara itzultzeko "helburua beteta" duela ekipoak, eta, gainera, "urte oso ona" egin duela.
Orain, urte osoan aurrean egon ondoren, egindakoa borobiltzeko, onena igoera faseko kopa ere lortzea litzatekeela uste dute. "Txapeldun geratzen bagara, hobeto" diote.
Edozein modutan, pozik dira taldearekin, eta uste dute aurten lortutako emaitzaren gakoetako bat izan dela etxeko jokalarien eta teknikarien alde egindako apustua. "Konpromisoa izan dute, eta igarri egin da; entrenatzera denak etorri dira, jokoan ere igarri da…", diote zuzendaritzakoek.
Baieztapen hori berresteaz batera, Iokin Arrillaga Erregionaleko entrenatzaileak Sorako gainerako taldeen eta entrenatzaileen prestutasuna eta jarrera nabarmendu nahi izan ditu: "Oso eskertuta gaude. Beste taldeengatik eta entrenatzaileengatik izan ez balitz, ez genukeen lortuko. Adibidez, gazteen mailako hamar jokalarik-edo gurekin jokatu dute. Gurekin entrenatzera ere etorri dira askotan. Egia da eurak ere pozik etorri direla, konfiantza eman zaielako, baina ahalegina ere egin behar izan dute; adibidez, askotan, bi partidu jokatu behar izan dituzte asteburuan. Eta gazteek, aldi berean, kadeteen beharra izan dute. Horri guztiorri balioa eman behar zaio".