Soraluzeko Gure Eskuk jakinarazi duenez, Herrituren aurkezpenean Irati Alvarez eibartarra izango da hizlari eta harekin batera, herriko hainbat musikarik eta artistak parte hartuko dute. Horrez gain, ekitaldian hainbat sektoretako pertsonek publikoki agertuko dute Herriturekiko atxikimendua: kirolariek, sindikatuetako ordezkariek, merkatariek, pentsionistek, feministek... Izenak bertan jakinaraziko dituzte.
Gure Esku mugimenduak azaroan aurkeztu zuen Herritu ekimena Donostian eta sustatzaileek "euskal komunitatea osatzeko norbanako ekintza" moduan definitu dute. Abenduan ipini zuten martxan Durangoko Azokan eta harrezkero, atxikimendu gehiago eskuratzeko lanean jarraitzen du Gure Eskuk.
Bihar, barikua, aurkeztuko dute ekimena Soraluzen, arratsaldeko 19:00etan, Plaza Berrian. Soraluzeko Gure Eskuk dei egin die herritarrei ekitaldian parte har dezaten.