Gure Eskuk ‘Herritu’ aurkeztu du: "euskal komunitatea indartzeko ariketa kolektiboa"

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko maiatzaren 16a

Soraluzeko Gure Eskuk Herritu ekimena eta ekimenarekin bat egin duten herritarren "hamaseikoa" aurkeztu zuen atzo elizpean egin zuen ekitaldian. Irati Alvarez Gure Eskuko kideak azaldu zuenez, Herritu "euskal kontzientziadun komunitatea eraikitzeko ariketa kolektiboa da" eta hainbat tresna eskainiko ditu herritarrek ariketa horrekin bat egin dezaten, besteak beste, txartela, norbere naziotasunaren autoafirmaziorako baliatuko dena. Oarin, uztailera bitartez, mahaia ipiniko dute kalean herritarrei ekimenarekin bat egiteko aukera eskaintzeko. 

 

Dozenaka herritar hurreratu ziren atzo Soraluzeko elizpera Gure Eskuk bertan Herritu ekimena aurkezteko egin zuen ekitaldira. Ekitaldia kantuz abiatu zuten Arianne Unamunorekin, Oskorriren Gaztelugatxe kanta ezaguna abestuz. Ondoren, Irati Alvarez Eibarko Gure Eskuko kideak hartu zuen hitza eta ekimenaren nondik norakoen berri eman zuen.

Ariketa kolektiboa 

Alvarezen esanetan, "euskal herritarrok tresnak behar ditugu herri moduan ditugun erronkei aurre egiteko eta Herritu ekarpen xume bat da bide horretan". Azaldu zuenez, "euskal komunitatea herriz herri indartzeko ariketa da eta norbanako gisa euskal herritartasuna adierazteko tresnak" eskainiko ditu, hiru euskarriren bidez: txartela, piña eta pegatina. Txartelari dagokionez, helburua da herritarrak adieraztea "euskal herritarrak garela eta euskal herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidearen alde gaudela". Zentzu horretan, Gure Eskuko kideak ohartarazi zuen "askok EHNArekin alderatuko" dutela baina Herritu "ariketa bat" dela eta ez naziotasun agiria.

Gainerako bi euskarrien kasuan, pin-a da "paparrean jantzita eta Euskaraldiko txaparekin egin genuen antzera" baliatu "komunitate bezala sendotasuna erakusteko" eta pegatina "mugikorrean edo kalean pegatuz ikusgarritasuna lortzeko". 

Alvarezek azpimarratu zuenez, Herritu "ekintza bat" da, "gure komunitateak libre izan nahi duela adierazteko ekintza bat" eta herritarrak gonbidatu zituen tresna horiek" modu kolektiboan" erabiltzera, "euskal komunitatearen indarra erakutsi eta trinkotzeko". Ildo horretan, zehaztu zuen Herrituk planteatzen duen ariketa "norbanakoon autoafirmaziotik" abiatzen dela eta "garai berriotan gazte euskaldunei euskarri bat eman" nahi diela "gizartean euskal kontzientziadun komunitatea eraikitzeko". 

Hamasei "enbaxadore" herrian

Ekitaldian Xabier Alberdi Gure Eskuko kideak ekimenarekin bat egin duten eta Herrituren "enbaxadore" izango diren hamasei herritarrak aurkeztu zituen: Arianne Unamuno (musikaria eta euskalgintzako partaidea), Ezozi Larrañaga (Feminista eta pentsionisten mugimenduko kidea), Josune Casares (LAB Sindikatuko kidea), Olatz Sebal  (Historia irakaslea), Ines Laskurain (Musika eskolako ikaslea eta Tanborradako kidea), Veronica Galarraga (Merkataria), Luis Felipe Galarraga (Alkate ohia), Amparo Ibarguren (Irakaslea), Alberto Losada (Soraluze Futbol Taldeko presidentea), Iraultz Arluziaga (Soraluze Futbol Taldeko juntakidea), Jokin Muñoz (Korrikalaria), Hiart Arluziaga (Alkate ohia), Aitor Atxotegi (Pilota elkarteko kidea), Sugar Ostolaza (Gazteria), Maddi Alberdi (Gazteria), Argoitz Ariznabarrena (Pilota txapelketaren antolatzailea) eta Luis Ariznabarreta (Tabernaria). 

Alberdik dei egin zien herritarrei ekimenarekin bat egitera eta jakinarazi zuen maiatzean eta ekainean zehar kalean mahaia ipiniko dutela, zehazki, maiatzaren 29an, ekainaren 12an, 26an, uztailaren 13an eta 23an, 19:00etatik 20:30era. 

Azkenik, ekitaldia amaitzeko Arianne Unamunok Sarrionandiaren eta Osinagaren Txalupa kanta eskaini zuen, Unai Larreategik trikitiarekin lagunduta.