Berritasunekin eta beti bezain umoretsu egingo dute Triatoloia Soraluzen, taldeak eginda daude eta porra martxan dago

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 18a

Triatoloiaren antolatzaileetako sei. Goian, ezkerretik, Recio, Cacho eta Gil eta behean, Caballero, Oregi eta Arrillaga.

Seigarren urtez, Triatoloia egingo dute Soraluzeko 48 gaztek; aurten bigarrenez, herrian bertan. Ekainaren 6an izango da, 11:30ean hasi eta ordubete inguruko kirol-festa herrikoia. Igerilekuan hasiko da Triatoloia; igeriketa froga bukatzean, hurrengo txandakoek bizikletan Soraluzetik Soralucera joan beharko dute, eta, azken txandakoek korrika egiten borobilduko dute. Iaz, egundoko giroa sortu zuten erdigunean, goiz-eguerdian kirol-probekin eta arratsaldean, ospakizunarekin. Aurten, besteak beste, iluntzean Latuna Bando txaranga izango da eta garaileak udaletxeko balkoira igoko dira. Porra ere badago, erakargarri askoa; apustuak Bolian eta Edurtzan egin daitezke.

Seigarren urtez, Triatoloia egingo dute Soraluzeko 48 gaztek; aurten bigarrenez, herrian bertan, ekainaren 6an. 

Triatloi klasikoaren hiru kirol-diziplinak egin beharko dituzte Triatoloian: igerian, bizikletan eta korrika. Baina, triatloi klasikoan ez bezala, Soraluzekoan zozketaz erabakitzen da partaideek zein kirol egin eta zein taldetan lehiatuko diren.  

Hori dagoeneko eginda dute gazteek; taldeak osatuta ere bai, sei laguneko zortzi talde –organigramak, Bolia eta Edurtza tabernetan–. Partaide guztiak dira kirolzaleak, gehienak mutilak; hiru neska bakarrik daude. Eta partaide gehienak 30 urtetik beherakoak dira. Adin-tarteari dagokionez, gazteenak 22 urte ditu eta zaharrenak, 49 urte egin berriak.

Zubian hasi eta bukatu

Zirkuitua ere zehaztuta dute antolatzaileek. Zortzinako bi txandatan egingo dute. Zubi Nagusian hasiko da, 11:30ean. Lehen partaideek igerilekura joan eta han 300 metro egin beharko dituzte igerian; kale bakoitzean bi lagunek. Iaz, 6-7 minutuan egin zuten. 

Hura bukatutakoan, igerilariek txanda emango diete zubian izango diren txirrindulariei. Haiek Etxaburuetatik Estaziñora eta Oleatik Osintxura joan beharko dute, Soraluceren zubi berrian buelta hartu eta Soraluzeko Zubi Nagusira bueltatuko dira. 12-20 bat minutu kalkulatu dituzte. 

Azkenik, korrikalariek hartuko dute txanda. Kalebarrenen –Gabolatseko zubia–, kiroldegiko paseoaren eta zubiaren arteko zirkuituari bi buelta eman, handik Santa Anara egin, Olearaino segi, buelta hartu eta Zubi Nagusian bukatuko dute. 10-15 minutu kalkulatu dituzte.

Sari-banaketa

Iaz, zubian egundoko giroa sortu zen Triatoloiko korrikalarien iritsieran, zain zituztelako lagun guztiak gogotik animatzen. Aurten, amaiera-festa hori luzatu egingo da, berritasun moduan sari-banaketa egingo baitute kirol-probak bukatu eta berehala. Zenbat eta zer sari, berriz, "sorpresa" da.

Eta kirol-festa bukatutakoan, kuadrilla-festa hasiko dute. 

Bazkaria, txaranga, balkoia

Lehenengo, elkarrekin bazkalduko dute, Batzokian. Bazkalostean, berriz, lagun dituzten Latuna Bando txarangarekin segituko dute festa. Eta, noski, iluntzean, udaletxeko balkoira igoko dira Triatoloiko garaileak, behean dauden gainerako lagunek umoretsu hauspotuta. 

Eguna goizeko ordu txikietan borobiltzeko asmo sendoa dute. "Iaz nahikoa jende egon zen, eta herriak erantzun egin zuen. Tabernak, adibidez, goizaldeko seiak arte egon ziren zabalik, eta aurten ere egon(go) beharko dute; bestela, beste herri batera joan beharko dugu parrandara; (kar-kar). Eta hurrengo urtean beste herri batean egingo dugu Triatoloia; (kar-kar)", esan dute. 

Porra erakargarria

Bestalde, porra ere badakar Triatoloiak, erakargarri askoa, 370 euroko poltsa baitago iaztik, aurten batuko denaz aparte. Bolian eta Edurtzan egin daiteke apustu. 

Azkenik, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete kartela egin duen Mikel Reciori, epaile-lanak egingo dituen Andoni Ariznabarretari eta kamerari izango den Aratz Olaizolari.