0 KM KOMERTZIOAK

Andrea Aranguiz (ExGa): "Oso ondo ari gara lanean eta benetan gustura gaude, oso adeitsuak zarete"

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 19a

Andrea Aranguiz Kalebarreneko saltokian.

Martxoaren 27tik, denda berria dago Soraluzen. Etxetresna elektrikoak, altzariak eta bestelakoak ditu salgai, baina askoz ere zerbitzu gehiago ematen dituzte. Soraluzeko saltokiko arduradun Andrea Aranguizek dioenez, "oso gustura" ari dira lanean, eta iruditzen zaie soraluzetarrak "oso adeitsuak" izaten zari direla. 

Andrea Aranguiz (Bolivia, 1989) da EXGAk Soraluzen zabaldu duen etxetresna elektrikoen dendaren arduradun. Martxoaren 27an zabaldu zuten. Aranguizek esan dutenez, oso pozik daude. Elkarrizketa egiterakoan, adibidez, hiru bider geratu behar izan da grabagailua, dendara sartu diren bezeroengatik.

Zer moduz doaz denda berriaren lehen asteak?

Oso-oso ondo; egia esan, oso gustura ari gara lanean. Soraluzeko jendeak oso ondo hartu gaitu, adeitsu; zorionak ere eman dizkigute. Baloratuta sentitu gara, eta gogotsu eta animoso gatoz lanera. Bergaratik gatoz. Han saltokia dugu, eta handitu egin nahi genuen, mugitu, geldi ez geratzeko. Etxetresna elektrikoak ditugu, baina, berez, zaharberritzeetatik gatoz.

Zaharberritzeetatik?

Bai. Denetik egiten dugu: zaharberritzeak, aurrekontuak, etxetresnak… Bezero bakoitzari egokituta, aurrekontu erosoak.

Nola hasi zineten zaharberritzeekin?

EXGA izena bi pertsonarengatik da, bata Extremadurakoa (EX) eta bestea Galiziakoa (GA). Aseguruetarako lan egiten zuten, eta, lanean ezagutu zuten elkar. Etorkizunera begira, antzerako ideiak zituzten, izaera ere antzerakoa, langileak… eta elkarrekin lanean hastea erabaki zuten. 2013tik gabiltza. Iturgintza, igeltserotza, arotzeria… gremio guztiak egiten ditugu.

Eta Bergaran noiztik duzue saltokia?

Orain dela lau urtetik. Zaharberritzeak egiten genituela, Bergaran bizitza osoan denda zuten batzuek erretiratzeko asmoa zuten; eurekin berba egin genuen, aukeratuak izan ginen [Barre], eta denda zabaldu genuen. Denda asko ixten ari dira, eta ez dakizu zelan funtzionatuko duen, baina ez baduzu probatzen… Probatu egin behar da. Oraingoz, gu ondo goaz.

Egia esan, arreta ematen du: herri handietan ere dendak ixten ari dira, eta zuek Soraluzera etorri zarete. Zelan erabaki zenuten hori?

Soraluzeko lagun bat dugu erretiratzera doana; hark animatu gintuen, eta negozioa hartu genion. Nire senarra argiketaria eta iturgina da. Inguruak begiratzen ibili ginen. Bergaran, adibidez, herriaren irteeran denetik dago. Ikusi genuen hemen behar zela, Bergararekiko duen gertutasuna ere baloratu genuen, eta probatzea erabaki genuen. Esandako moduan, oso ondo ari gara lanean eta benetan gustura gaude, oso adeitsuak zarete.

Ezagutzen zenuten Soraluze?

Bai; ni jaietan egonda nago. Eta nire herrikide-lagun bat ere hemen bizi da aspaldi. 

Orain arte, zer eskatu da gehien Soraluzen?

Gama zuriko etxetresna elektrikoak: garbigailuak, ontzi-garbigailuak… eta baita etxetresna elektrikoak ere.

Konponketak ere egiten dituzue…

Bai, aparailu txikienenak, telebistenak… eta marka guztietako zerbitzu teknikoekin harremanetan jartzen laguntzen dugu. Adibidez, garbigailuak konpontzeko; hau da, bitartekari-lanak egiten ditugu, ezer kobratu barik.

Besterik nahi baduzu esan…

Espero dugu lanean segitzea eta hemen luzaroan egotea. Gure helburua da handitzen jarraitzea, lan egitea eta lan ona egiten segitzea; jende serioa gara eta uste dut lan egiten duzunean eta ondo lan egiten duzunean gauzak ondo irteten direla. Bestalde, nahiko genuke jendeak sentitzea entzuten diogula; guk lagundu egingo diogu behar duen hori eros dezan, aholkularitza emango diogu. Eta eskerrik asko momentu honengatik; egiten dudan lehen elkarrizketa da eta harro samar sentitzen naiz [Barre].