Atzo, domeka, lehenengo Udaberri txapelketako Infantil mailako partida jokatu zuten Araneko kiroldegian. Etxekoen bikotea osatu zuten Izei Muguruzak eta Ekain Ariznabarretak. Hasieratik parean ibili ziren Soraluze eta Azkoitia; are gehiago, gutxigatik bazen ere, etxekoak 13. tantora arte aurretik joan ziren. Hori bai, gertu-gertuan zituzten azkoitiarrak uneoro eta partidaren 30. minutuan, hamahiruna iritsi ziren eta hortik gutxira, hamabosna ere egin zuten. Baina, azken tantoak azkoitiarrentzat izan ziren, eta 16-18 eginda bukatu zuten eskuz binakakoa.
Gallastegiren indarra
Haien ondoren, Gipuzkoako Herriarteko Gomazko Paletako Txapelketako final-zortzirenetako partidak jokatu zituzten. Hiru guztira. Zumaiako palarien kontra.
Julen Gallastegi soraluzetarra izan zen jokatzen lehena; kantxa osora, banakakoa jokatu zuen, eta segituan ikusi zen etxekoaren nagusitasuna, batik bat, etxekoaren indar erakustaldia. 20-3 irabazi zuen Julen Gallastegik 20 minutu eskas iraun zuen partida.
Binakakoan ere fin
Segidan, binakakoa jokatu zuten Jurgi Rasconek eta Antxon Gisasolak. Eta bikoteak ere nasai irabazi zuen bere partida. Aurretik joan ziren partida osoan zehar. 12 tantora iritsi zirenean, zumaiarrak 8raino gerturatu zitzaizkien, baina etxekoek hobeto asmatu eta 20-8 irabazi zuten partida.
Atxotegiren eskarmentu agerikoa
Azkenik, Aitor Atxotegik zazpiaren barruan jokatu zuen banakakoa. Haren partida izan zen markagailuan alderik handiena atera zuena, izan ere, tanto bakarra lortu zuen zumaiarrak. Argi ikusi zen Atxotegik frontoian duen eskarmentu luzea. 20-1 bukatu zen partida.
Hori horrela, joaneko 3-0ko abantailarekin jokatuko dituzte bueltako partidak Soraluzeko Pilota Elkarteko ordezkariek. Asteburuan izango da hitzordua, noski, Zumaian. Markagailu osoa eta azkena soraluzetarren aldekoa bada, txapelketako final-laurdenetara sailkatuko dira etxekoak.