Soraluzeko Musika Eskolan izena emateko epea zabalik

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 21a

Zabalik da 2026-2027 ikasturterako Soraluzeko Musika Eskolan izena emateko epea. Musika, kantua eta instrumentuak ikasteko eskaintza zabala dute bertan, umeendako zein helduendako. Baita taldeetan zein konboetan parte hartzeko aukera ere. Besteak beste, denetariko 15 instrumentu ikas daitezke, eta, datorren ikasturtean, berritasun modura, 0-4 urte bitartekoendako eskaintza ere izango da. Ekainaren 15era arte dago zabalik matrikulazioa.

Adin eta gustu guztietarako eskaintza du Soraluzeko Musika Eskolak, 0 urtetik hasi eta norberak nahi duen adinera artekoa.

Umeendako eskaintza zabala

Umeendako, adibidez, aurten estreinatuko dute 0-4 urte bitartekoendako Musika Goiztiarra.

Nagusitxoagoek, berriz, Musika eta Mugimendua ikas dezakete 5 urtetik aurrera eta Musika Kantuz 8 urtetik aurrera.

Eta noski, musika eskolak eskaintzen dituen edozein instrumentu ikasteko aukera ere badute umeek, hori 8 urtetik aurrera.

Instrumentuak

Helduen kasuan, ikasi nahi den hori norbere beharren arabera antolatzen ahalegintzen dira musika eskolan. Adibidez, eskolak goizez zein arratsaldez eskaintzen dituzte. Eta talde berezituak sortu, dagoen eskaeraren arabera. Adibidez, +55 Musika eta Mugimendua abian dute.

Instrumentuei dagokienez, berriz, gaur egun, 15 instrumentu erakusten dituzte, denetarikoak.

  • Sokazkoak: gitarra klasikoa, biolina, biolontxeloa, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, pianoa
  • Metalezkoak: tronpeta, tronpa, tronboia eta bonbardinoa.
  • Haizekozkoak: klarinetea, saxofoia,  txistua, flauta, gaita nafarra, soinua, trikitia,
  • Perkusioa.

Jaialdiak eta beste

Eta ikasitakoa praktikan jartzeko, konboetan zein ikasturtean egiten diren bestelako ekitaldietan parte hartzeko aukera dute ikasleek. Esaterako, Blues Hotsak jaialdian, Ipuin musikatuan, urtean hainbat kalejiratan, entzunaldietan, kontzertuetan eta beste. 

Guztira, 11 irakaslek jardungo dute musika eskolan, irakaskuntzan zein musikari moduan eskarmentu luzea duten profesionalak.