Ezozin jokatuko diren partiduei dagokienez, zapatuan, 11:30ean zelairatuko dira Gorengo mailako kadeteak, eta aurkari izango dute Zizurkilgo Danena taldea.
Domekan, berriz, 10:00etan hasiko dira gaztetxoenen partiduak. Lehen urteko benjaminek Oñatiko Aloña Mendiren kontra jokatuko dute eta lehen urteko alebinek, berriz, Mutrikuren kontra. Haien ondoren, 11:15ean, bigarren urteko benjaminek jokatuko dute Aretxabaletaren kontra.
Aurrekoan ezin
Bestalde, Soraren lehen taldeari dagokionez, joan den asteburuan, 0-3 galdu zuen Ikasberriren kontrako partidua.
Klubaren deiari erantzunez, harmailak beteta egon ziren. Zenbait gaztek tifo-a ere ipini zuten pareko zelaian, Ezoziko Ama Birjinaren, bi kanoiren, baloi baten eta Soraren sorrera-urtearen marrazkiekin, baina oraingoan, zaleen bultzada ez da nahikoa izan igoeraz gain, Sorak Kopa irabaztea ere ziurtatzeko.
Iokin Arrillaga entrenatzaileak esandakoaren arabera, “askotan gauzak modu baten izatea gustatuko litzaiguke, eta, beti ezin da. Eta bestean, ba euren aldera joan zen partidua. Esango nuke orain arte zortea alde tokatu zaigula eta oraingoan kontran izan da. Nahi ez genuen momentuan, baina bueno; pena, saiatu ginen bukaerara arte baina ezin izan zen garaipena lortu”.
Orain, azken partidua jokatzea geratzen zaio lehen taldeari. Kopa irabazteko aukera hori guztiz-guztiz ez dago galduta, baina oso-oso zail izango dute irabaztea; hori lortzeko, Sorak bere partidua irabazi eta Ikasberrik galdu egin beharko luke berea. Edozein moduan, Sorako nagusiek zapatuan jokatuko dute Txintxerpe taldearen kontrako norgehiagokoa, haien etxean, 18:00etan.
