Bi astean bete egin dira Soraluzeko danborradako barril- eta danbor-jotzaileen konpainiak

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 22a

Dagoeneko ez dago lekurik Soraluzeko danborradako danbor- eta barril-jotzaileen konpainietan izena emateko, izen-ematea iragarri eta apenas bi astean bete egin baitira leku guztiak. Iaz, adibidez, maiatzaren 30ean gainditu zen 100 izen-emateen langa, eta aurten dagoeneko pasatu dute hori. Edozein modutan, oraindik izen-ematea zabalik dago gremioen konpainietarako eta izena eman daiteke, baita ere, zaldun joateko, erabaki barik baitago zeintzuek desfilatuko duten kantinera modura zaldi gainean.

Danborradaren antolatzaileek emandako xehetasunen arabera, inoiz baino bizkorrago joan da aurtengo izen-ematea: "Aurreko urteetako jende kopuruak eman du izena, baina aurten oso bizkor joan da. Bi astean leku gabe geratu gara". Iaz, adibidez, maiatzaren 30ean gainditu zen 100 izen-emateen langa, eta aurten dagoeneko pasatu dute hori. 

Gazte asko

Halaber, esan dute jende berria animatu dela parte hartzera: "Danborradan beti izaten direnez aparte, aurten gazte askok eman dute izena; gehienak, danborrak edo barrilak jotzeko". 

Iazko danborradan 220 bat lagunek parte hartu zuten, horietatik 45 inguru izan ziren musikariak, eta 159 herritarrek desfilatu zuten. Desfilatu zutenen artetik 54 izan ziren barril-jotzaileak eta 46, berriz, danbor-joleak. 

Guztira, zortzi konpainia osatu zituzten: Mikeleteak, Kantinerak, Agintariak, Arrantzaleak, Gudari urdinak –danborrekin–, Gudari gorriak –barrilekin–, Gozogileak –danborrekin–, Sukaldariak –barrilekin–, Sukaldariak –ez dutenak jotzen–, Aparejeruak, Ehiztariak eta Kanonistak.

Barril eta danbor falta

Aurtengo erantzuna ikusita, antolatzaileek ez dute baztertzen konpainia gehiago sortzea, baina hori aurrerago egingo dutela adierazi dute: "Konpainiak gehitzeko aukera badago, baina hori taldeak antolatzen direnean ikusten joango gara. Eta konpainiena, momentuz, ez dugu antolatu. Aurrerago antolatuko dira, pertsona gehienek ematen dutenean izena". 

Edozelan ere, barril- edo danbor-jole konpainiak ugaritzea zail ikusten dute, herrian ez daudelako danbor zein barril gehiago, eta, ondorioz, eskatu edo alokatu egin beharko lituzkete. Eskopetak, adibidez, Elgoibarko danborradakoei alokatzen dizkiete. 

Osterantzean, jakinarazi dute ekainaren amaiera aldera hasiko dituztela entseguak, aldaketarik ez bada: ekainaren 25ean. Frontoian elkartuko dira entseguetarako, 19:30etik 20:30era bitartean. Eta uztailean hasiko dira, berriz, jantziak banatzen. 

Joko dituztenak

Danborradan joko dituzten piezei dagokienez, berriz, kasu horretan ez da berritasunik izango, iazko berberak joko baitituzte; tartean, iaz estreinatu zuten Domentx Uzin musikari soraluzetarrak konposatutako Atxolin pieza. 

Hori horrela, honako pieza hauek joko dituzte: Donostiako danborradako lau pieza –Martxa, Diana, Tatiago eta Iriyarena–; Debako Martxa; Pantxika Eibarko pieza; Txokolo Azpeitikoa; Artillero Tolosakoa; eta Soraluzeko hiru kanta –Sekula ere, Zezenak dira eta, esandako moduan, Atxolin kalejira, danborradan jotzeko "martxa" bihurtuta–.