Euskal Herriko aurtengo bosgarren hilketa matxista salatu zuten atzo Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2026ko maiatzaren 22a

Herritarrak plazan, atzo iluntzean egin zuten elkarretaratzean.

Atzo, 55 herritar pasa elkartu ziren Plaza Barrixan asteon Argedasen izandako hilketa matxista salatzeko. Denetariko herritarrek babestu zuten protesta, baita udal ordezkariek ere. Hain justu, bezperan, hilketa salatzeko adierazpen instituzionala kaleratu zuen Udalak. Bertan, besteak beste, salatu zuen emakumeen aurkako erasoak giza eskubideen urraketa larri eta onartezinak direla. Datuekin, jakinarazi zuen 2003tik, 140 emakume eta 13 ume hil dituztela gizonek Euskal Herrian, aurten bost. Eta berretsi zuen, indarkeria mota hori egiturazkoa dela.

Soraluzeko Udalaren adierazpen instituzionalean gogora ekartzen dutenez, indarkeria matxistak lagatako "datu larri hauek argi erakusten dute ez gaudela ekintza isolatu baten aurrean, egiturazko arazo baten aurrean baizik. (…) Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina".

Arazo hori gizarte osoarena dela azpimarratuta, egiturazko egoera horren kontra batera borrokatu beharra adierazi zuen, besteak beste.

Eta indarkeria matxista salatzeaz bat, hari aurre egiten laguntzeko bideak zeintzuk diren gogora ekarri zuten adierazpen instituzionalean:

  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko telefonoa (EJ):  900840111 (24 ordu/51 hizkuntza)
  • Emakumeenganako indarkeria mota guztietako arreta zerbitzua: 016
  • Udaltzaingoa: 943753024
  • Ertzaintza Bergara: 943534720
  • Larrialdiak: 112
  • Soraluzeko Gizarte Zerbitzuak: 943 75 00 56
  • Soraluzeko Berdintasun saila:berdintasuna@soraluze.eus