Donostian jokatu zuen Mikel Recio Irustak waterpoloko bere azken partidua maiatzaren 18an. Gainera, ekipo ohi Portugaleteren kontra jokatu zuen. Urbatek mailari eustea zuen jokoan, eta lortu zuen, 12-7 irabazita; Reciok gol bat sartu zuen, eta, gainera, MVP –jokalaririk onena– izendatu zuten: "Tongoa izan zen [Barre]; denok ezagutzen dugu elkar, bazekiten waterpoloa laga behar nuela, eta nahita eman zidaten".
Edozelan ere, kirol-ikuspuntutik harago, jasotako babesak hunkitu egin zuen Recio: "Zerbait espero nuen, baina 25 bat lagun etorri ziren, beste 5-6 familiakoak, eta han zeuden ere taldekide ohiak. Gai izan nintzen kontzentratzeko, jaitsiera zegoen jokoan; amaitutakoan, denak etorri ziren besarkatzera, zoriontzera… Uretatik irten nintzenean, hunkitu egin nintzen". Lore-sorta, 3. zenbakidun gorroa koadroan eta argazkiak oparitu zizkioten, eta elkarrekin afaldu zuten.
Eibar, Portugalete, Katalunia…
Recio Soraluzen hasi zen igeriketan. 12 urterekin Eibarko igerilari-taldean hasi zen gero, baina, bakarka lehiatzea gustuko ez, eta urtebetera waterpoloko Urbateko seniorrekin entrenatzen hasi zen. Harrezkero, ibilbide oparoa egin du, erdiprofesional mailan ia dena: "Urbateko nire bigarren urtean Italiatik etorritako Davide entrenatzailearekin hasi, eta lehen urtera euskal selekziotik deitu ninduten, infantiletan. Bigarren urtean, astebetez Espainiako Selekzioarekin entrenatu nintzen, Goi-errendimenduko Zentroan. Urte batzuetan lau mailatan jokatu nuen: infantil, kadete, gazte eta seniorretan. Gero, seniorretan bakarrik". Urbatekin Euskal Herriko Lehen Mailara igo zen, eta Liga Katalanean ere jokatu zuen, 2019an Urbatera itzuli zen arte. "Urbatekin Kopa, ligaren bat… irabazi genituen, eta urtero jokatzen genuen igotzeko, 2023an Bigarren Nazional Mailara igotzea lortu genuen arte".
Waterpoloa lagatzeko erabakia, berriz, iaz hartu zuen; astean bost entrenamendu, astebururo partiduak Estatuan… Goia jota zegoen, baina Urbat talde gaztea zela-eta eutsi egin dio. Orain, taldea goian lagata, deskantsurako bidea hartuko du Reciok.