Besteak beste, hiru zutabe, pareta eta zolarria eraiki behar dituzte. Eta zolarria egin baino lehen, haren azpitik urendako drainatze-tutuak sartu behar dituzte.
Edozein modutan, aurrera doaz obrak, eta, zimentazio-lanak bukatu eta gero, "harmailen muntaia izango da hurrengo pauso ikusgarriena, harmailak aurrefabrikatuta etorriko baitira eta garabien bitartez kokatuko baitituzte", esplikatu du Unai Larreategi Azurmendi alkateak.
Neurrira eginda
Harmailen harira, Lur Etxeberria Gurrutxaga Soraluzeko Udaleko aparejadoreak jakinarazi duenez, "harmailak hormigoizkoak izango dira, eta metro zabal eta 50 zentimetro garai. Zimentazioa bukatu eta gero neurri zehatzekin fabrikatzen hasiko dira; beraz, oraindik ez dira fabrikatzen hasi. Neurtzen eta fabrikatzen, gutxi gorabehera, sei aste igaroko dituzte". Hori bai, azken horren harira, hark gogora ekarri du epea aldakorra izan daitekeela, hornitzaileak eta eguraldiak eragina izan baitezakete horren guztiaren garapenean.
Miradorea ere bai
Udaleko aparejadoreak emandako xehetasunen arabera, "harmailen azpian egurrezko oholtza bat egongo da, ibaiaren ondoan. Horrekin batera, Batzokiaren aldamenean egurrezko beste eremu bat egongo da, plazaren kota berean, harmailak jaitsi ezin dituenak miradore moduko bat izan dezan".
Bestela esanda, eta planoaren arabera, harmailak egurrez inguratuta izango dira, aurretik, ibai aldetik zein Batzokiaren aldetik.
Pareta babestu beharra
Plaza Zaharreko harmailaren obra urtarrilaren 12an hasi zuten. Soraluzeko Udalak azaldu zuenez, "proiektu berriak herria ibaira gerturatu eta harekin are gehiago konektatuko du; horretaz gain, lotura zuzena du ibaia herri paisaiako elementu garrantzitsu gisa definitzen duen prozesuarekin".
Lehenengo, bertan zegoen aroztegi zaharra eraitsi zuten. Eta, ondoren, harmailendako esparrua egokitzeko obrak hasi zituzten.
Obrak adjudikatu zireneko aurreikuspena zen bost hilabetean bukatuko zirela. Baina lanek geldialdia izan zuten. Izan ere, pareta bat topatu zuten lurrak hondeatzen ari zirela, eta, protokoloari jarraiki, obrak gelditu eta Gipuzkoako Foru Aldundian eman zuten haren berri. Martxoan, Diputazioak bidalita, Arkeolan enpresako aditu bat izan zen pareta ikusten eta aztertzen. Udalerriaren erdigune osoa bezala, esparru hura ere babestuta dago; beraz, pareta ere babestuta laga beharra zegoela erdietsi zuten. Diputazioak, ebazpenez, Soraluzeko Udalari obrekin aurrera segitzeko baimena eman zion, pareta ez eraisteko baldintzarekin. Hori betetzeko, bere horretan gorde dute pareta, berriro ere lurpean, eta ez da argitu zeren edo nongo pareta izan litekeen.