Bihar, zibilizazio klasikoetan oinarritutako olinpiadak jokatuko dituzte Soraluzeko eta Mutrikuko institutukoek

Ubane Madera Zangitu 2026ko ekainaren 4a

Ander Galparsoro irakaslea, Amets Uzin, Ahmed Achad, Lide Viciosa eta Sugoi Zubizarreta ikasleak eta Idoia Ilarduia irakaslea, tunikak soinean, Institutuan.

Bihar, barikua, olinpiadak jokatuko dituzte Soraluze BHI Institutuko eta Mutriku BHI institutuko 1. DBH mailako ikasleek. Ikastetxeetan langai izan dituzten Erromako, Greziako, Egiptoko eta Mesopotamiako zibilizazio klasikoak oinarri, froga fisikoak zein mentalak jarriko dizkiete irakasleek. 80 bat ikaslek parte hartuko dute olinpiadetan. Ekimenak hiru zati izango ditu. 11:00ak artekoa, hamaiketakoa, eta azkeneko frogak. Bihar Soraluzen elkartuko diren moduan, ekainaren 12an Mutrikura joango dira Soraluzeko gazteak.

Luzeera jauzia, txapel jaurtiketa, puzzleak osatu, mezu lasterketa, enigma argitzea… halako eta bestelako frogak gainditu beharko dituzte Soraluzeko zein Mutrikuko institutuetako ikasleek bihar, barikua, Soraluzen egingo diren olinpiadetan. Araneko frontoian gertu izango dituzte 09:00etarako zibilizazio klasikoetan inspiratutako txokoak. Ingurua girotuta eta gazteak sasoiko arropekin mozorrotuta, taldetan zein banaka gauzatu beharko dituzte irakasleek prestatutako frogak. 

10:00etan hasi eta olinpiadetako lehen hiru frogak egingo dituzte, 11:30ak ingurura arte. Gero, zibilizazio klasikoetan oinarritutako hamaiketakoa izango dute jateko SAPAn; adibidez, Egiptoko datilak zein hummusa, Mesopotamiako bizkotxo, gailetak eta eztia, Greziako olibak, pita ogia eta bestelakoak eta Erromako mahatsa, patea eta abarrak. Ondo ase ondoren, 13:00ak arte, olinpiadetako beste bi froga egingo dituzte eta azkenik, ekitaldiaren itxiera.

Soraluze BHI Institututik esplikatutakoaren arabera, bi ikastetxeen artean halako elkartruke bat egingo duten lehen aldia izango da biharkoa. Iaz hasi ziren bi ikastetxeak elkarrekin harremanetan, eta, aurten elkarri bisita egingo diote. Hain justu, biharkoaren ondoren, bueltan, Soraluzeko gazteak ekainaren 12an joango dira Mutrikura.

Elkar-ezagutza bultzatzea

Oro har, bi ikastetxeek dituzten antzekotasunak aintzat hartuta egingo dute elkartrukea. Helburua da ikastetxeen eta gazteen arteko elkar-ezagutza bultzatzea, eta ikastetxeetan ikasitakoa modu ludiko, dinamiko eta praktiko batean aplikatzea elkarrekin.

Soraluzeko Institutuaren kasuan, eremu soziolinguistikoan ibili dira zibilizazio klasikoei buruzko gaiak lantzen, Euskara eta Gizartea ikasgaiak uztartuta. Eta Mutrikuko institutuan ere zibilizazio klasikoak landu dituzte.