Adarraren doinuaz plazan elkartzeko deia egin, txalapartarekin hura borobildu eta bertsoekin eta abesbatzarekin Plaza Barrixa girotu ondoren, sua piztu zuten bi mutikok 22:30ak pasa zirenean. Minutu batzuez, Plaza Barrixa betetzen zuten ehunka lagunak isil-isilik egon ziren, suari begira, suaren erakargarritasunak eraginda.
Segidan plazaratu ziren dantzari-sorginak eta Agurra eta Sorgin dantza egin ondoren, herritarrak gonbidatu zituzten gero eurekin batera suaren bueltan dantzara. Aker ere izan zen bisitari. Eta ospakizuna borobiltzeko, izpiritu txarren kontrako konjurua esan, edabe magikoarekin freskatu eta suaren gainetik salto eginez jolastu eta txar guztiak garbitu ondoren etxeratu ziren herritarrak.