Soraluzeko emakumeen* bosgarren topaketa egin zuten joan den eguenean. Jolasa ardatz, udaberri-udako programak emandakoa errepasatu eta baloratu eta udazken-negurako hainbat proposatu zituzten.
Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolaren azken hiruhileko honetan, zoru pelbikoa indartzeko tailerraren bigarren edizioa, Jarduera fisikoa menopausian izenburuko hitzaldia, Maspalomas filmaren emanaldia eta lehen mendi irteera egin dituzte; azken horren kasuan, San Andres-Txurruka ibilaldia egin zuten.
Zoru pelbikoa indartzekoa berriro
Adibidez, zoru pelbikoaren tailerrak "arrakasta handia" izan du eta, Maite Quintanilla zinegotziak esandakoaren arabera, ikastaroak jarraipena izango du udazken-neguan. Emandako xehetasunen arabera, ariketez aparte, ikastaro horretan teoria asko eman dute, zelan landu, zelan zaindu eta banakako esplorazioa eta aholku konkretuak ere eman dituzte.
Lehen edizioa eguerdian egin zuten, oraingoa goizean, eta hirugarrena arratsalde partean antolatu nahi dute. Emakumeen topaketan oso ondo baloratu zen ikastaro hori.
Topaketan oso ondo baloratu zen, baita ere, egin duten mendi irteera, eta, kasu horretan ere ari dira bigarrena prestatzen, hurrengo hori irailean egiteko; Lau ermiten ibilbidea egitea da asmoa.
Batukada feministan 25etik gora lagun
Bestalde, hiruhilekoa joan den eguenean agurtu zuten arren, batukada feminista tailerra ere antolatu dute Ahalduntze Eskolaren baitan, eta ekimen hori ere arrakastatsua izaten ari da, 25etik gora emakumek parte hartu dute-eta tailer horren lehen saioan.
Gogoan izan behar da uztailaren 11-12ko asteburuan egingo dutela bigarren saioa eta uztailaren 19an, berriz, kalejira egingo dutela jai-bezperako asteburuko ekitaldien baitan.