Soraluze Futbol Taldearen batzar orokorrean, modu positiboan baloratu zuten bukatu berri den denboraldia. Futbol eskolatik hasi eta kadeteetaraino izandako emaitza onak eta giro ona nabarmendu zituzten, ekipoek denboraldian zehar egindako garapena, eta, entrenatzaileekin lortutako talde-giroa, bereziki.
Nagusiagoetan, berriz, jubenilek “urte zaila” izan arren, haiek ere denboraldia ondo bukatu izana nabarmendu zuten; eta lehen taldeari dagokionez, batik bat, jokalariek erakutsitako konpromisoa jarri zuten balioan.
Bazkaria errepikatzeko nahia
Bestalde, modu positiboan baloratu zuten Real Sociedad taldearen akademiarekin izandako elkarlana eta haiek Soraren entrenatzaileei laguntzeko bideratutako app-a. Futbol klubaren arropa-sistema berriarekin pozik daudela adierazi zuten eta, besteak beste, modu positiboan baloratu zuten klubeko partaide guztiek elkarrekin egindako bazkaria; hori errepikatzeko asmoa erakutsi zuten.
Denboraldi berriari begira, berriz, jakinarazi zuten infantiletan, kadeteetan zein jubeniletan bina talde eratu nahi dituztela. Esan zuten, kasu batzuetan, jokalari aldetik justu samar ibiliko direla bi talde osatzeko, baina nahiago dutela hori egin futbolari asko klubetik kanpo lagatzea baino. Entrenatzaileak lotzen ari direla ere azaldu zuten.
Recio Soran
Bestalde, jakinarazi zuten datorren urtean Soran arituko dela Mikel Recio futbolaria. Figura edo lan berria izango da Reciok Soran beteko duena, zelanbait, kadeteen eta jubenilen arteko koordinatzaile-lanak egingo ditu. “Urtero hobetzen ahalegintzen gara, eta hori bide horretatik doa, hobetzeko ahalegin horretatik; asmo berarekin jarri ditugu ditugu ekipo bakoitzean bi entrenatzaile, talde guztietan atezainen entrenatzailea eta futbol eskolan koordinatzailea”, esplikatu zuten.
Ildo beretik, esan zuten lan horren emaitza on moduan kontsidera daitekeela datorren urtean infantiletatik jubeniletaraino bina talde osatzea, edo, adibidez, Realak Sorako Ander Agirregomezkorta jokalaria fitxatu izana. “Gauzak ondo egin diren seinale. Anderrek Soran egin du futbolari ibilbidea; beste batzuk lehenago sartzen dira Realean eta han egiten dute ibilbidea, baina Anderrek Soran egin du formazioa eta Sorako entrenatzaileek ere asmatu dute berarekin. Inguruak laguntzen duenean emaitza onak datoz, eta hori izan liteke Anderren kasua”, esan zuten.
Bestelakoen artean, eta 2026-2027 denboraldiari dagokionez, hura berezia izango da, Soraluze Futbol Taldearen 50. urteurrena izango baita. Horri lotuta, jakinarazi zuten irailean hasiko direla urteurrena prestatzen, eta “bilera irekia” egingo dutela, parte hartu nahi duten guztientzat zabalik.
Belar aldaketa
Osterantzean, esan zuten esandakoa baino beranduago, baina laster hasiko direla futbol zelaiko belarra aldatzen. Aurreikuspena da abuztuan hastea eta iraila-urrian bukatzea lanak, baina oraindik ez dute data zehatzik. Hori horrela, baliteke denboraldi hasierako hainbat partidu etxetik kanpo jokatzea Sorak.
Azkenik, diru kontuei erreparatuta, galerak izan ditu Sorak, baina esan zutenez, “aurreikusitakoak” izan dira, joan den denboraldian ohi baino gastu handiagoa izan baitute, batik bat, arropetan. Baina hori ya bideratuta dagoenez, aurreikuspena da izandako galera errekuperatu egingo dutela, hortik dator, adibidez, denboraldi berriko kuota mantentzeko erabakia.