Bi motatako izen-emateak daude, bazkariarekin ala bazkari barik. Bazkariarekin, 20 euro da prezioa; prezio horretan sartzen dira herri-bazkaria, goizeko moto-ibilaldia eta poteoan egingo den opari-zozketa. Bazkari barik, berriz, izen-ematearen prezioa 10 euro da.
Herri-bazkaria, Zubi Nagusian
Topaketari dagokionez, uztailaren 18an 10:00etan zabalduko dute izen-ematea, gaztetxean. Ondoren, 11:00etan abiatuko dira moto-ibilaldia egitera. Ibilbidea honako hau da: Sagar Erreka-Elgeta-Elorrio-Arrasate-Soraluze.
Hura bukatutakoan, 12:00etan hasiko dute poteoa, oparien zozketarekin –speaker eta guzti–, eta Latuna Bando txarangaren musikak girotuta. Eta goiza borobiltzeko, 14:30ean, Zubi Nagusian elkartuko dira, herri bazkarirako. I Love Paella enpresa hernaniarrak prestatuko du. Iaz, 100 bat lagunek parte hartu zuten, eta aurtengo aurreikuspena ere horixe da. Antolatzaileek esan dutenez, herri-bazkarian edozeinek parte har dezake.
Munduko pilotu txapeldunak
Moto-topaketa arratsaldeko moto-trial erakustaldiak borobilduko du, 18:00etan, Zubi Nagusian, eta edozeinek ikus dezake. Lleidatik bertaratuko diren TrialShows enpresako Marcel Justribo eta Jordi Pascuet pilotuek egingo dute, arrapalaz eta oztopoz osatutako zirkuitu berezian. Eskarmentu handia dute bi lagunek pilotu moduan, munduko txapeldun izan dira biak ala biak Nazioen Trialean, Europako txapeldun ere bai, eta hainbat mailatan Espainiako txapeldun.
Motoclub Plaentxi elkarteak eskerrak eman nahi dizkie topaketa antolatzen laguntzen dioten babesleei, Udalari eta herriko tabernei.