Hasi dira Kukumixoren udaleku irekiak, bete-beteta hasi ere. Marrasek eman die ongi etorria umeei Plaza Barrixan. Hantxe osatu dituzte datozen egunotarako taldeak eta elkar ezagutzeko tartetxoa hartu ondoren, eguerdian, Gabolatsen elkartu dira guztiak. Gaur, San Ferminetako txupinazo eguna izanik, zuriz jantzita, zapi gorria lepoan zutela, Iruñean baino lehenago egin dute aurtengo lehen entzierroa; buruhandiak zezenak bailiran, ziztu bizian joan dira haiengandik ihesi frontoiraino. Hantxe bukatu dute udalekuetako lehen egun intentsua.