Uztailaren 16ko paella-janerako, gehienez jota, 90 lagunendako lekua dago eta gaur, martitzena, lekuen erdia baino gehiago bete egin da, 47 lagunek eman baitute izena. 2 euro da egun horretako otordurako prezioa; horren barruan sartuta dago paella, postrea eta kafea.
Itxaropena Erretiratuen Elkartetik esan dutenez, egun horretan paella kozinatzeko bost bikote animatu dira eta nahiko lituzkete 6-7 bikote izatea sukaldari; beraz, norbait gehiago animatuko balitz, hor ere bada izena emateko aukera.
Bestalde, irailean hiru eguneko irteera egingo dute Leonera, irailaren 20tik 22ra, eta, horrako ia leku guztiak bete egin direla ohartarazi dute, bakarrik bi leku-edo geratu baitzaizkie autobusean.
Azkenik, ipinita dago uztaileko argazki-erakusketa tabernako paretean. Oraingo honetan, Balmasedara eta Galdamesera egindako bidaiarekin osatu dute berau.