San Andresko jaiak

Asteburuan jaiak San Andresen, pilota partida, zezen, bertsolari eta trikitilariekin

Egoitz Unamuno 2026ko uztailaren 9a

Jendea iaz San Andresko jaietan.

Aurten ere sanandrestarrek jai egitarau zabala prestatu dute auzoko jaiak ospatzeko. Gastronomia lehiaketa, kirola, musika, meza, zezenak, bertso saioak... izango dira barikutik astelehenera bitartean. Ikus egitarau osoa

Ohiko duten moduan, jaiak bihar arratsaldean hasiko dituzte makala altxatu, kanpaiak jo eta soziedadean txorixoak probatuta. Herritarrei zuzendutako egitaraua, berriz, zapatu eguerdian hasiko dute azken urteetan indarra hartu duen patata tortila lehiaketa eginda.

Arratsaldean, berriz, 17:30ean hasita, Asier eta Iñakiren Omenezko XV. Pilota Txapelketaren finala jokatuko dute Munua frontoian eta ostean,  19:30ean, Bergarako Zezenak askatuko dituzte frontoiaren ondoko zelaian. Ondoren, herri afaria egingo dute eta gauean erromeria izango da Azkoitiko Obaneuke taldearen eskutik.  

Domekan kirola, bertsolariak eta zezenak 

Domekan ere izango da zerekin gozatu San Andresen. Eguerdiko 12:30ean, eskuz binakako pilota partiduak jokatuko dituzte eta 13:30ean, Meza eskainiko dute ermitan. Hura amaitutakoan, Aitor Mendiluze eta Jexux Mari Irazu bertsolarien txanda izango da, bazkal aurretik eta bazkal ostean kantatuko dute eta.

Arratsaldean, 18:00etan, herri kirol erakustaldi mixtoa egingo dute frontoian, 19:00etan bola premioa eta 19:30ean Bergarako Zezenen bigarren saioa zelaian.  

Astelehenean, auzotarren eguna

Astelehenean, urteroko legez, auzotarrei zuzendutako ekitaldiak izango dituzte. Eguerdian, 12:30ean, Meza izango dute ermitan eta 14:30ean, auzotarren bazkaria Lizaso eta Egaña bertsolariekin eta Laja II eta Lutxurdio trikitilariekin. Arratsaldean, umeen jolasak eta emakumezkoen bola txapelketa egingo dituzte. Amaiatzeko, gauean, elkarrekin afalduko dute Laja eta Lutxurdiorekin.