Pozik zaude? Ja hirugarren aldiz jarraian, gainera…
Lotsa pixka bat ematen dit, hirugarren aldiz jarraian… baina pozik, bai.
Lehenago ere irabazi izan duzu.
Aspaldi, 2009an, herria koloretan ipini nuen.
Ez da erraza izango urtetik urtera marrazki desberdin bat aurkeztea…
Beti edukitzen dut buruan zerbait, ideiaren bat. Erreferentziak bilatzen hasten naiz, koloreak… Adibidez, aurten, mandalarekin lotutako zerbait egin nahi nuen, eta kolore asko sartu. Gero, exekutatu, azken asteetan exekutatzen dut.
Baduzu, ba, abilezia, horren denbora gutxian exekutatzeko.
Bada, teknika falta zait oraindik, ze, adibidez, ez daukat tabletarik marrazteko. Lehenengo, eskuz marrazten dut; gero, eskaneatu, ordenagailura pasatzeko; ordenagailuan, Photoshopekin linea guztiak errepasatu; gero, zerbait aldatu nahi badut, berriro ere marraztu eskuz, eskaneatu, ordenagailuan errepasatu…
Zergatik egiten duzu hori guztia?
Digitalean ere eskatzen dute kartela, eta marrazki bati argazki bat ateraz gero edo eskaneatuz gero, kalitate handia galtzen du. Hortaz, eskuz marraztutakoa ordenagailura pasatzen dut, eta hori ahal dudan moduan egiten dut; denbora asko galtzen dut prozesu horretan, lan handia da eta. Marrazkia bera ez da hain koloretsu gelditzen. Marraztea asko gustatzen zait, eta hori modu errazean zelan egin ikasi nahian nabil, baina digitalean.
Hortaz, zuk biak uztartzen dituzu, ordenagailua eta eskuzko lana.
Bai; ordenagailuz oraindik ez dut lortzen eskuz marraztean daukadan trazua.
Aurtengo marrazkian zein elementu sartu dituzu?
Barraskiloaren jira-biran herriko zubiei inportantzia eman nahi izan diet; berez, bi zubi marraztu ditut, baina beste marra guztiek ere zubiak irudikatzen dituzte. Mosaikoan sartutako irudiak Soraluzeko argazkietatik ateratako siluetak dira; adibidez, danborradakoak eta txarangakoak…
Oso koloretsuak dira zure kartelak: orain bi urtekoa, urdina; iazkoa, gorria; aurtengoa, hori-horia…
Bai; askotariko koloreak sartu nahi nituen. Jaiak dira, gauza alaia da, eta uste dut transmititu egin behar dela zertarako den kartela. Bestalde, garai batean, brusak egoten ziren jaietan, eta forma geometriko horren jolasa ere hor dago, mandala itxura… Aurten, vintage-ra joan naiz, nolabait, lehenagoko brusetara, koloreetara…
Marras ere sartu duzu azken bietan…
Argi dagoen gauza bakarrenetako bat Marras dela iruditzen zait.
Ez zara marrazkilaria, baina bai marrazkizalea.
Bai, oso. Adierazpen Artistikoko irakasle naiz DBHn, eta Arkitektura ikasi nuen. Sormenarekin lotutako edozein prozesu asko gustatzen zait. Pintura ikastaroren bat ere egin izan dut, baina ez naiz aditua. Nire oinarria eskuz marraztutako marrazkiren bat izaten da beti, eta gero, ordenagailuz kolorea eta azken ukituak sartzen ditut. Hil berri den Amaia Arrazolaren marrazkiak asko gustatzen zaizkit, Maite Gurrutxagarenak, Axpi hernaniarraren ilustrazioak, Iker Ayestaranenak... Erronka moduan daukat tableta bat erosi eta zuzenean modu digitalean marrazten ikastea... Ea hurrengo urterako!