San Andresko jaiak

"Tortilla Lehiaketa beteta dago, eta talde batzuk 4-5 pertsonakoak izango dira"

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 10a

Ander Santamaria, Oier Cerrejon eta Roman Maiztegi San Andresko elkarteko kideak, elkarteko kamisetarekin.

Gaurtik astelehenera arte auzoko jaiak ospatuko dituzte San Andresen. Urte hasieran hasi ziren lanean elkarteko kideak, eta egitarau betea prestatu dute. Egunero egongo da elkartean afaltzeko aukera, ogitartekoak ere izango dira

Gaur ere bada zeozer San Andresen.

Bai. 19:00etan, makala altxatuko dugu. Bertan ipinita 8-10 metro altu izango da, eta puntan elkarteko ikurrina egongo da. Makala jarri eta gero, kanpai bueltakoa egingo dugu. 6-7 lagun arituko gara kanpaia jotzen, eta makala altxatzen, askoz gehiago, 10-12 bat. Joan bila, moztu, ekarri… Egunean bertan egiten dugu dena. 15 lagun elkartuko gara. Gero, afaldu egingo dugu: txorizo-probatzea, jaietan emango dugun txorizoa.

6-7 lagunen artean tiratzeko, kanpaia handia da, ala?

Bai. Metro altu-edo eta pisu dezentekoa dauka. Mihia bera metro erdikoa da; behin, Romanen zelaira joan zen, jotzen hasi eta zas! Nahikoa topatu genuela! Egurrezkoa da eta puntan burdinazko bola dauka.

Ekitaldi ugari eta janaria ere denetarikoa izango duzue jaietan.

Bai. Txorizoa, txistorra, hirugiharra, solomoa, tortillak… Dena, geuk eginda.

Eta Tortilla Lehiaketa…

Bai. Zapatu eguerdian. Beteta dago. Iaz, hamar bat lehiakide izan ziren; aurten, hemeretzi da muga, eta hamasei, behintzat, badatoz; batzuei esan zaie ez dagoela lekurik. Bi pertsonako taldeak izan beharrean, batzuk lauzpabostekoak izango dira. Herrikoak denak. Patata-tortilla lehiaketa da; tipula eraman dezake, baina ez beste ezer. Saria izango da bi lagunendako afaria, debalde. Esteban Laskurain eta Luismari Unamuno izango dira epaile, sukaldari erretiratuak.

Zapatuan ere, pilota hitzordu inportantea.

Asier eta Iñakirena, 25. urteurrena; hirugarren eta laugarren postuak eta finala jokatuko dira.

Eta zezena plaza berrituan…

Bai; Bergarako zezenak; jende gehien zezenak ekartzen du. Aurten, zati txikitxoagoa geratuko zaigu parke berriarekin.

Zein da zapatuko afarirako aurreikuspena?

100 bat lagun edo. Iaz, 100 bat izan ziren; Ogitartekoak ere izango dira. Afariko menua da bakailao-tortilla, basatxerri-solomoa, entsalada, gazta eta menbrilloa, kafea, kopa, purua eta dantza. Izena arratsaldean bertan emanda nahikoa da. Prezioa 25 euro da. Eta dantzarako, Maddalen Arzallus taldekide duen Obaneuke taldea, 00:30ean.

Domekan, pilota, meza, musika…

Hasiko gara eskuz binakako partidarekin. Gipuzkoako Etxaniz-Balerdi (Bergara-Antzuola) Bizkaiko Albizu-Okamika (Munitibar-Gizaburuaga) bikotearen kontra. Gero, meza, 13:30ean, Joseba Gonzalez parrokoarekin. Eta egun osoan egongo dira bertsolariak eta trikitilariak: Aitor Mendiluze eta Jesus Mari Irazu eta Itzeder Arrizabalaga eta Lidia Irigoien. Gero, bazkaria izango da, 14:30ean. Edozeinek bazkaldu dezake han. Gu 20-25 bat egoten gara.

Arratsaldean, berriz, kirol gehiago.

Bai; 18:00etan, herri-kirol erakustaldi mistoa, Xabat Olaizolaren taldearekin. Aizkoran Irati Astondoak eta Uxue Ansorregik jardungo dute elkarren kontra; harri-jasotzen Xabat Olaizola eta Beñat Telleria arituko dira; eta azken bi horiek San Andresko 100 kiloko harria ere erabiliko dute elkarren kontra. Horrekin guztiarekin batera, pentaloi estilan jokatzen dien herri-kirolak ikusgai izango dira, bikote mistoak osatuta. Eta gero, 19:00etan, bola-premioa, nahi duten guztiendako; momentuan izena emanda parte har daiteke. Garaikurrak dira sari. Hirugarrenetik lehenengoraino eta auzoko lehenengoarendako. 19:30ean, berriro zezenak; eta gero, afariak elkartean, 21:00etan hasita. Hori ere, nahi duenarendako. Jende asko geratzen da, eta afalduta etxera joan.

Auzotarren eguna, baina, astelehenean da, ezta?

Bai, 13:00etan, meza izango da auzoko hildakoen alde; gero, 14:30ean, bazkaria izango da, urte luzez datozen Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Laja –semea– eta Lutxurdio trikitilariekin. Umeen jolasak 18:00etan eta segidan emakumeen bola-txapelketa; hori, edozeinendako. Eta bazkalostean eta afalostean erromeriak izango dira, Laja eta Lutxurdiorekin; adibidez, 02:00 aldera arte ibiltzen dira hemen.

Elkarteak antolatzen ditu jaiak; aurten, kamiseta berriarekin, gainera.

Bai, bazkide guztiendako; aspaldikoa zen lehengoa. 32 bat bazkide gara. Urte hasieran hasten gara jaiak prestatzen. Orain, leku askotan daude jaiak, eta talde asko hartuta egoten dira, beste askok dirua eskatzen dute eta… Auzoko jaietarako Udalak laguntzen du, eta, bestela, elkartetik ipintzen dugu, txosnatik aterata…