Datorren astean ailegatuko dira jaietako barrakak

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 11

Martitzenerako, uztailak 14, Erregetxea libre laga behar da, autoz hustu, orduantxe hasiko baitira aurtengo jaietarako barrakak bertara ailegatzen eta muntaketa-lanak egiten. Behin muntatuta, uztailaren 17tik 20ra bitartean zabalduko dituzte barrakak.

Udaltzaingoak jarrita ditu Erregetxean ohartarazpen-seinaleak eta zinta; han aparkatutako autoetan paperak ere lagata ditu, eta hainbat egunez ibilgailuak Erregetxean aparkatuta duten edo izaten duten hainbati zuzenean abisatzen ari da, martitzenerako dena libre egon dadin.

Soraluzeko Udalak jakinarazi duenez, aurten ere azken urteotako atrakzio klasikoak izango dira Erregetxean: autotxokeak, lapikoa, ohe elastikoak, txiki-parkea, zezentxoak, tiropitxoia, ahatetxoen arrantza-postua eta txurro-denda, hain zuzen ere. Eta Plaza Zaharrean, berriz, jostailu-saltzailea izango da. 

Horren harira, hainbatek uztailaren 17an zabalduko dituzte barrakak, barikuan; beste batzuk, berriz, geroxeago hasiko dira. Baina, edozein kasutan, uztailaren 17tik 20ra bitartean zabalduko dituzte.