Gaztetxearen barruko aldeko buelta guztia erreskatatutako animalien erretratuekin eta haien bizipenekin dekoratuta zutela zabaldu zuten Soraluzeko Gaztetxea zapatuan, Tximas Eguna ospatzeko.
Hantxe zen Txuri, ezkontza baterako erabili zituzten usoetatik bizirik geratu zen bakarra; Hortentxi, abandonatutako ardia; Rubius, ia hilda zegoela hartu zuten ardia; Rosi, asto probetarako erabilita, lesionatu ondoren, Tximasen jaso zutena edo Maia, txakurkume zela, txarto zaintzearen ondorioz, ibiltzeko gauza ez zela hartu zutena.
Animalien istorioei laguntzen, Gaztetxeko barra pintxo begano sorta ederrarekin bete zuten antolatzaileek, eta Gaztetxe sarreran, berriz, Tximas babeslekuko material mordoxka bat jarri zuten saltzen.
Azken batean, ekimena Tximas santutegiarendako dirua batzeko antolatu zuten, eta antolatzaileek esandakoaren arabera, “dirua batu zen”. Egun osoko eguna izan zen zapatukoa, eguerdian “jende dezente ibili” zen eta horrekin pozik dira antolatzaileak; gauean, berriz, kontzertuetara jenderik ez zela joan esan dute.