Trial akrobazia eta guzti dator biharko moto topaketa Soraluzera

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 17a

Bertako eta urrunagoko motozaleek Soraluzen dute hitzordua bihar, zapatua,  Motoclub Plaentxi elkarteak Moto Topaketaren VI. edizioa gauzatuko baitu. Eguerdi parterako izango dira motorrak ikusgai Plaza Zaharrean, gero Latuna Bando txarangarekin kalejira-poteoa egingo dute, bazkaria segidan eta topaketari ginga jartzeko, goi mailako trial ikuskizuna.

Bihar, zapatua, 10:00etan zabalduko dute moto topaketarako izen-ematea, eta 11:00ak aldera abiatuko dira inguruko errepideetan ordubete inguruko osteratxoa egitera.

Gero, 12:00etan hasiko da Motoclub Plaentxik antolatutako motozaleen jaia herrian. Orduantxe ailegatuko dira Plaza Zaharrera, inguruko errepideetan osteratxoa egin ondoren. Plaza Zaharra motorren erakusleiho bilakatuta, bertan lagako dituzte aparkatuta, herritarrek ikus ditzaten, eurek Latuna Bando txarangarekin poteoa egiten duten bitartean; ohi dutenez, poteo horretan opariak ere zozketatuko dituzte.

Goiza borobiltzeko, elkarrekin bazkalduko dute, Zubi Nagusian. Iaz, 100 lagun inguru izan ziren partaide.

Trial-akrobaziak

Aurtengo showa, berriz, trial erakustaldia izango da. Kamioiarekin eta hainbat arrapalaz osatutako zirkuitua Zubi Nagusian jarriko dute, eta akrobazia ikusgarriak egingo dituzte TrialShows enpresako Marcel Justribó eta Jordi Pascuet goi mailako pilotuek. 18:00etan hasiko da.