Santiago eta Santa Ana jaiak 2026 - Soraluze

Txalo zaparradarekin eta benetan pozik hartu dituzte Soraluzeko erraldoi berriak: 'Olaondoko Anton' eta 'Mendiolako Ozeizia'

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 25a

Gaur, jaietako zapatuan aurkeztu dituzte Soraluzeko Erraldoien Konpartsako erraldoi berriak. Olaondoko Anton da gizona, olagizona, zehazki; eta Mendiolako Ozeizia da emakumea, baserritarra bera. Biek ala biek Soraluzeko “erroak” irudikatzen dituzte. Kontzejupe aurrea beteta zela egin dute aurkezpen ekitaldia eta txalo zaparrada erraldoia jaso dute lagun berriak ikusteko zain zeuden herritarrengandik. Benetan politak direla, horixe da ikusleen ahotan gehien entzun dena.

Sorpresa azken momentura arte gordetzeko Kontzejupea teloi beltzez estalita zutela, Diadar Txistulari Taldearen doinuekin atera dituzte herriko erraldoi berriak Zubi Nagusira. 

Ikusi eta berehala hasi da txaloka udaletxe aurrean pilatuta zegoen jendea. Segidan, bi lagun berriak aurkeztu dituzte: Mendiolako Ozeizia eta Olaondoko Anton, “gure erroak eta herriaren izaera gorpuzten dituzten” bi erraldoiak. Erraldoi biekin “aitortza” egin nahi diete “gure herriko historiako bi zutabe garrantzitsuei”, baserri munduari eta hiribilduari.

Bistakoa eta nabarmena izan da erraldoiak herritarren gustuko izan direla, txalo zaparrada jaso baitute behin eta berriro. Eta areagotu egin da txaloaldia bi erraldoiek euren lehen dantza, baltsa egin dutenenean denen aurrean.