Gaur, errepide zatia asfaltatuko dute Soraluzen eta 15:00etatik 18:00ak arte ez da autobusik izango Eibarko noranzkoan

Ubane Madera Zangitu 2026ko abuztuaren 31

Gaur, astelehena, segida dute joan den astean hasi ziren asfalto-lanek. Goizean, Errekalden hasi dira lanean; arratsaldean, berriz, Baltegietan jardungo dute, Lersundi parean. Azken lan horiek eragin handia izango dute zirkulazioan, guztiz itxita izango baita errepide zati hori. Hala, 15:00etatik 18:00ak arte ez da autobusik izango Eibarko noranzkoan.

Joan den barikuan hasi zituzten asfalto lanak herriko zenbait puntutan, eta bihar, martitzena, bukatuko dituzte. Hain justu, gaur egingo dituzte zirkulazioan eraginik handiena izango duten lanak, izan ere, arratsaldean, Lersundi jauregiaren pareko zatia zolatuko dute eta hori egiteko, errepide zatia guztiz itxita izango da hiru orduz.

Horrek eraginda, 15:00etatik 18:00etara ez da autobus zerbitzurik izango Eibarko noranzkoan. Hori ohartarazten duten abisuak jarrita daude tokian tokiko autobus geralekuetan. Halaber, autoz ere ezin izango da bertatik pasatu.

Osterantzean, gaur, astelehena, Errekalden ari dira asfalto-lanak egiten; zehazki, Errekaldeko 36, 38 eta 40 etxebizitzetako garaje atarietan ari dira lanean, eta, errepide bazterreko zulo bat partxeatuko dutela esan dute asfalto-lanak egiten ari den Firmes Alaveses enpresatik.

Joan den barikuan, berriz, Ezozibideko errepide zatia asfaltatu zuten; industrialdetik biribilgunera ailegatu baino lehenagoko zatia, alegia.