Futbol zelaia obretan denez, denboraldia etxetik kanpo hasiko du Sorak

Ubane Madera Zangitu 2026ko irailaren 1a

Obretan dago Ezoziko Futbol Zelaia, berdegune artifiziala aldatzen ari baitira. Aurreikuspena da, gutxienez, urriaren 5era arte luzatuko direla lanak. Horren  ondorioz, aurre-denboraldia Antzuolako Eztala zelaian hasi du Sorak; datorren astean Eibarren segituko dute eta hortik aurrerako entrenamenduetarako eta partiduetarako zelai bila ari dira. Osterantzean, nabarmentzekoa da aurtengo denboraldian inoizko talde gehien izango dituela Soraluze Futbol Taldeak.

Asteotan, berdegune artifiziala aldatzen ari dira Ezoziko Futbol Zelaian. Ezinbesteko aldaketa da egiten ari direna, berez, berdegune artifizialaren erabilgarritasuna 8-15 bat urtekoa baita eta Soraluzeko futbol zelaian 2010ean ipini zuten oraingoa.

Dagoeneko kendu dute belar artifizial zaharra eta, berez, laster hasi beharko lirateke berria ipintzen, aurreikuspena baita urriaren 5erako obrak bukatuta eta zelaia erabilgarri egotea. Egunotan, geldi egon dira lanak.

Bien bitartean, kadeteetarainoko taldeek aurre-denboraldia Antzuolako Eztala futbol zelaian egiten ari dira joan den astetik, eta datorren astean, berriz, Eibar Futbol Taldearen anexoan egingo dituzte saioak, tokian tokiko futbol taldeek lagata. 

Soraluze Futbol Taldeko zuzendaritzatik esan dutenez, hortik aurrerakoak lotzen ari dira, bai ligako hasierako partiduak non jokatuko dituzten, eta, baita ere, datorren astetik aurrerako entrenamenduak non egingo dituzten.

Ligaren hasierari dagokionez, Erregionalek, Jubenilek eta Gorengo mailako Kadeteek irailaren 20ko asteburuan hasiko dute txapelketa; gainerakoek irailaren 27ko asteburuan. Eta futbol eskola, berriz, urrira arte, gutxienez, ez da hasiko.

Inoizko talde gehien

Osterantzean, nabarmentzekoa da inoizko talde kopururik handienarekin ekingo diola denboraldiari Sorak, bina talde izango baititu Jubenil, Kadete zein Infantil mailetan. Eta gogoan izan, baita ere, lehen taldeak maila igoera lortu zuela joan den denboraldian eta aurten, Erregional mailan lehiatuko dela.

Inoizko talde gehien izanda ere, taslde bakoitzarendako bina entrenatzaile izateko filosofiari eustea lortu du Soraluze Futbol Taldeak. Honakoak izango dira:

  • Erregional maila:
  • Iokin Arrillaga eta Auritz Oregi.
  • Jubenil Gorengo maila:
  • Victor Perez eta Manu Caballero.
  • Jubenil 1. maila:
  • Axi Oñederra eta Aiert Losada.
  • Kadete Gorengo maila:
  • Julen Gabilondo eta Lander Zubizarreta.
  • Kadete 1. maila:
  • Ibon Goenaga eta Auritz Oregi.
  • Infantil A;
  • Yael Trigo eta Joel Rascon.
  • Infantil B:
  • Eneko Felix eta Aitor Estevez.
  • Benjamín 1
  • Oier Furgencio
  • Gorka Felix 
  • Benjamín 2
  • Galder Losada 
  • Beñat Garmendia 
  • Alebin 1
  • Unax Sudupe 
  • Aitor Barrutia
  • Alebin 2
  • Manex Osinaga
  • Beñat Goenaga

Iñaki Recio izango da Jubenilen, Kadeteen eta Infantilen koordinatzaile.