Goizaldeko ordu txikietan prestatuko duten Karidadeko salda partitzeak emango die hasiera San Martzialgo jaiei. Azken urteotan hura prestatzen ibili den Mikel Ostolaza eta lagunak arituko dira sukaldari fin eta 09:00etan hasiko dira salda banatzen, borondatearen truke.
"Talde polita" dantzen bueltan
Goiza indartsu hasi ondoren, 12:00etan jaurtiko du txupinazoa San Martzialgo zaindari moderno Zelemeteriok, eta segidan, dantzarako aukera bikaina izango da San Martzialgo plazan, eskualdeko arrabitariek eta herriko Diadar taldeko txistulariek jarriko dute horretarako musika. Antolatzaileek esan dutenez, “talde polita” elkartuko da plaza dantzen bueltan eta herritar guztiak gonbidatu dituzte elkarrekin dantza egitera.
13:30ak aldera, berriz, paella lehiaketa hasiko dute. Norbere erara prestatu ahal izango dira paellak eta 15:00etarako bukatuta izango beharko dituzte. Hainbat herritarrek dagoeneko eman dute lehiaketarako izena; edozein modutan, bihar arteko epea dago horretarako. Izena Iratxo goxo-dendan eman behar da, biharko 13:00ak baino lehen.
Antolatzaileek iragarri dutenez, dirulaguntza emango dute lehiakideendako, eta elikagaiz osatutako otarra izango da opari txapeldunarendako.
Musa eta txapel jaurtiketa
Azkenik, bazkaloste pasarako, bi txapelketa izango dira aukeran. 16:30ean, mus txapelketa eta 18:00etan, txapel jaurtiketa txapelketa. Bi kasuetan, nahikoa izango da momentuan bertan izena ematea parte hartzeko.
Mus txapelketari dagokionez, 16:00etan zabalduko dute izen-ematea, bikoteko 10 euroren truke. Lau sari iragarri dituzte:
- Saria: txuleta, ardoa eta gazta.
- Saria: untxia, ardoa eta gazta.
- Saria: ardoa eta gazta.
- Saria: gazta.
Txapel jaurtiketari dagokionez, berriz, bi maila izango dira, umeen maila eta nagusien maila. Txapeldunak txapela irabaziko du sari.
Eta txapelketak jokatu bitartean, jaietara arrimatze diren umeek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute.