Zabalik dago Marraskilo Tourren izena emateko epea

Egoitz Unamuno Loidi

Mendizaleak iazko Marraskilo Tourren.

Urriaren 3an egingo da Soraluzen Marraskilo Tour mendi martxa eta martitzenetik zabalik dago izen-ematea Kirolprobak.com atarian.

 

Marraskilo Tour, Soraluze inguruko mendietan zehar egiten den mendi martxa, urrian 3an egingo da aurten. Ohiko moduan, mendi martxak bi ibilbide izango ditu: luzea eta laburra. Ibilbide luzeak 35 kilometro izango ditu eta 1.800 metroko desnibela. Ibilbide luzeko mendizaleak goizaldeko 06:00etan abiatuko dira Plaza Berritik. Bestetik, ibilbide laburra aukeratzen dutenek 20 kilometroko bidea izango dute eta 1.000 metroko desnibela. Bigarren hauek 08:00etan abiatuko dira Plaza Berritik. 

Ibilbide guztian zehar, anoa puntuak ipiniko dituzte parte hartzaileei jan-edana eskaintzeko, boluntarioen eskutik.

Ekimena Soraluzeko Mendi Taldeak antolatzen du eta gogorarazi dutenez, iaz, ibilbide osoa egin zuten mendizaleen kopuruak gora egin zuen eta aurten ere ibilbide osoa egitera gonbidatu dute jendea. 

Abantailak aurrez izena ematen dutenentzako

Aurten, berrikuntza moduan, plaza gehiago eskainiko dituzte online (200). Gainera, probaren egunean bertan ere inskribatu ahalko den arren, aurrez izena online ematen duten pertsonek bakarrik joan ahalko dute bazkarira eta izango dute bermatuta, neurriko kamiseta.

Izen-ematea martitzenean zabaldu zuten eta zabalik izango da irailaren 23ra arte edo 200 plazak agortu arte, Kirolprobak.com atarian: ibilbide osoa eta ibilbide erdia. Mendi taldeko bazkideen 20 euro ordaindu behar dituzte eta 25 euro, berriz, bazkide ez direnek. Izena egunean bertan ematen dutenek, berriz, 25 euro ordaindu beharko dituzte.