Oreka Art Gallery

Oreka Art gainezka izan zen Baroja Collet artistaren erakusketaren inaugurazioan

Ubane Madera Zangitu

Atzo, barikua, Oreka Art galeria txiki geratu zen Juan Luis Baroja Collet (Le Creusot, Fantzia, 1957) artistaren Osatu Gabea izeneko erakusketaren inaugurazioan. Bisitari askok kanpoan itxaron behar izan zuten sartzeko. Baroja Colletek Soraluzen egiten duen lehen erakusketa da eta mota guztietako lanak ipini ditu bertan, 60 bat, guztira. Brontzeak, formatu txikiko zein handiko grabatuak eta collageak dira, batzuk, sekula erakutsi bakoak. Irailaren amaierara arte izango da Baroja Colleten obra ikusgai.

Atzo, 2026-2027 ikasturteko lehen erakusketa inauguratu zuten Oreka Art galerian, Juan Luis Baroja Collet artistarena. Alberto Ramirez galeristak ”poz handiarekin” aurkeztu zuen erakusketa zein artista bera; izan ere, Soraluzeko arte galeriarekin urte luzeko harremana izan arren, bertan erakusketa jartzen duen lehen aldia du Baroja Colletek.

Oso jendetsua izan zen inaugurazioa; horren jendetsua, ezen bisitarietako batzuk kanpoan geratu behar izan zuten barruan kabitu ezinda. Haien artean izan ziren udal ordezkariak, alkatea eta oposizio-burua tarteko, artistak, Josette Dacosta, Aitor Sarasketa edo Tere Guenetxea adibidez, eta batik bat, Baroja Colleten lagunak, bertakoak, zein urrunagokoak.

"Denetariko lan motak"

Le Creuseten jaiotakoa, gaztaroa Eibarren pasa eta Deban bizi da Baroja Collet. Osatu Gabea erakusketaren inaugurazioan esplikatu zuenez, berak egindako “denetariko lan motak” jarri ditu ikusgai Soraluzen, berari gustatzen baitzaio denetik ikustea, eta beraz, berak ere denetik erakusten du. Badago, adibidez, artistak egindako brontzezko lehen eskultura eta badago, baita ere, orain dela pare bat aste estanpatutako bi grabatu, orain arte inoiz erakutsi gabekoak.

“Brontzeak daude, pieza txikiak, material askorekin egindakoak, sokaz, moztutako burnizko txapaz eta karrozari masillaz egin eta desegitera eramandakoak, guztiak ere 1etik 7ra izendatuta, originalak”, esplikatu zuen Baroja Colletek. “Pieza txikiak dira, brontzezko tamaina handiko piezak egitea garestiegia delako. Brontzea lantzen hasi baino lehen, burdina lanean hasi nintzen, burdina eta soldadura, hartara pieza handiak egiteko aukera baituen”, eskultura guztiak ere, teknika tradizionalak baliatuta egindakoak. 

"Eskema txikietatik lanik onenak"

Atzo esplikatu zuenez, bere lan guztia paperarekin lotuta dago, “garabatoak” egin eta irudi horietatik, “eskema txiki” horietatik abiatuta osatzen baititu Baroja Collet artistak bere “lanik onenak”. “Inoiz ez dakizu oso ondo zergatik eta non bukatuko den; pieza gehienak halaxe irten dira, krokis txikietatik (…) Nire obra guztia lan egiteko modu horrekin lotuta dago, marraztu eta gero metalean, brontzean, eskulturan edo paperean erresolbitzen dena (…). Nire lana gehiago da materiala prestatu (paperak moztuta…) eta halako batean, paper pila horretatik gauzak atera eta piezak egiten zoaz, irudi jakin batean pentsatu barik, baina azkenean ateratzen den horrekin identifikatuta sentitzen zara. Momentuak dira, zein amaiera izango duten jakin gabe lantzen direnak”.

Adibide moduan jarri zuen La Plaza de La Consti eskultura. Lagun batzuekin plaza hartan zegoela, iñpapertxo batean marrazki bat egin zuen, krokis bat, eta handik abiatuta lortutako eskultura/pieza da Oreka Art galerian dagoen brontzeetako bat.

Oreka Art galerian dauden collageak, berriz, dira paperak, tintaz eta kafez margotuta eta enkolatuta, eta gero, torkulutik pasatuta. 

Grabatuak, handiak zein txikiak

Bigarren aretoan, berriz, grabatuak dira protagonista nagusi; baita eskultura txikitxoago batzuk ere, tope 12 zentimetro altu direnak. Hain justu, 12 ZM izeneko Pasaiako erakusketarako urtero lantzen dituen eskulturetako batzuk eraman ditu Oreka Art galeriako bitrinetara. “Alanbrez, karrozero pastaz, metalez… egindakoak dira”, azaldu zuen.

Grabatuei dagokienez, berriz, denetarikoak daude ikusgai. Formatu txikikoak zein handikoak. Hiru grabatu, adibidez, inoiz erakutsi bakoak, eta orain dela aste pare bat estanpatutakoak dira, justu Soraluzeko erakusketarako; 1993an egindakoak dira bi grabatu huekoak.

Eta inoiz erakutsi bako beste grabatua zaharragoa da: “Badago grabatu bat 1987an egin nuena, eta egon zen 12-15 bat urte estanpatu barik, harik eta Madrilen paper aproposa topatu nuen arte. Yugoslaviako mutil batek eskuz egindako papera zen eta orduantxe estanpatu nuen”. Larga espera du izenburua lan horrek. Eta haren ondoan dago, beste adibide bat jartzearren, Gazigozoa grabatua, ETAk 2017an Baionan egin zuen armagabetzean inspiratutakoa.

"Artea demokratizatu"

Goyaren grabatuen miresle, kobrezko plantxetan plasmatutako lanak egiten ditu Baroja Colletek eta zenbait plantxa ere jarri ditu Oreka Art-en ikusgai, bere alaba Irati eta Maialen jaio zirenean landutakoak, adibidez. “Kobrezko plantxari tinta eman eta paperean estanpatzen dugu”, esplikatu zuen grabatuak egiteko teknikari buruz.

Formatu txikiagoko grabatuen artean, hor ere denetarikoak daude. Plantxa batetik hain bat original sortzen ditu Baroja Colletek, hartara, obra horien prezioa eskuragarriagoa jarri ahal du. Oreka Art-en, adibidez, 200 euroan daude Baroja Colleten grabatuetako batzuk salgai, 270 markoarekin.

“Artea demokratizatzeko modu bat da hori, plantxa batekin grabatu gehiago sortzea. Horiek ere obra bakarra dira, matrizetan oinarrituta daudenez, obra bakar eta originalak dira (…) Eskuz egindako paperetan, koloreztatutakoetan… grabatu gehienek enkolatutako papera daramate, tindatutako paperak dira. Orokorrean, guztia dago elkarlotuta; ideia da jendearekin konektatzea, jendea gustura egotea”, bukatu zuen aurkezpena ikusleen txalo artean.