Azken bi asteotan, Txurrukeneko Arantzazu parkea ezohiko topaleku bilakatu da, auzotarrena zein kale-kaletik joandakoena, Udane Juaristi Udatxoren muralak erakarrita. Hura bertatik bertara ikusteaz bat, tertuliarako tartea hartu eta atzera ere bizitu dituzte Txurruken auzoari buruzko oroitzapenak eta kontakizunak.
Muralari dagokionez, berriz, orain dela bi aste hasi eta atzo bukatu zuen hura Udatxok. Lau argazkirekin egindako muntaia da Txurrukeneko bigarren muralaren emaitza; hiru argazki auzotarrek emandakoak dira, eta bestea, artistak berak lortutakoa.
Auzotarrek lagatako argazkiei dagokienez, bertan azaltzen diren protagonistak erraz ezagutzen dira muralean; haien senideek eta ezagunek dioten moduan, "ederto asko plasmatu ditu".
Protagonistak
Erdigunean dauden hiru emakumezkoak honakoak dira, ezkerretik hasita: Nati Agirre, Teresa Arizaga (eta ez Oregi Barrena periodikoan azaldu zen moduan) eta Carmen Arrieta, eta karta-jokoan ageri dira, Txurrukenen sarri egiten zuten moduan. Harekin batera, artistak sartu du “garai bateko argazki zahar batetik ateratako irudia, zuri-beltzeko argazkia, andreak kartetan erakusten duena. Hainbat belaunalditako emakumeak karta-jokoan"; Udatxo-k esplikatu duenez, "kuadrilla kontzeptua" adierazi nahi izan du horrekin.
Muralaren beheko partean, berriz, egur-mozketan azaltzen dira beste hiru emakumezko: Bittori Lopez eta Bittori Etaio ama-alabak eta Mercedes Hidalgo, hain zuzen ere. "Osintxuko batek, Egotza tailerrean lan egiten zuen batek, atera zien argazkia. Lanetik irten zen batean ikusi zituen egurra mozten, eta esan zien: 'Bihar ikusiko duzue!'. Eta hurrengo egunean argazkia atera zien", kontatu du Clotilde Fernandezek, Mercedes Hidalgoren alabak.
Eta goiko ume kuadrillakoak honako hauek dira: Salonazpiko Pedro eta Simon Etxeberria, Rosa Etxeberria, Ana Rosa Maiztegi, Maite Etxeberria, eta erretratuan bizkarra ematen Bea Maiztegi dago.
Bigarrena
Mural hori Soraluzen, eta zehazki, Txurruken auzoan margotzen duen bigarrena da. Lehenengoa kalistenia parkean margotu zuen. Kasu horretan, auzoa eta ibaia lotuz, auzotarrek ibaiarekin zuten harremana irudikatuz.