Baserritarrak elkartu eta modu kolektiboan ariko dira Soraluzen mendiko uren kontrolaren gaiaren aurrean

Ubane Madera Zangitu

Atzoko batzarrean 60 bat baserritarrek hartu zuten parte.

Atzo, eguaztena, 60 bat baserritarrek parte hartu zuen mendiko uren gaiarekin lotuta Soraluzeko Herriko Antzokian egin zen batzarrean. Mendiko urak kontrolatzeko Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi duen sistema dela-eta, atzoko batzarrean hiru puntu adostu zituzten: Soraluzeko egoera zein den ezagutzea eta partekatzea, gaiarekin lotutako eskaerak modu kolektiboan bideratzea eta Gipuzkoako EHNE-k antolatutako herri arteko batzarretan parte hartzea.

Atzoko bilera uztailaren amaieran egindako beste baten ondotik dator. Uztailekoa EHNE sindikatuak deitu zuen, mendiko urak neurtzeko, Eusko Jaurlaritzak baserritarrei jarri eragin nahi dizkieten kontagailuei eta urak kobratzeko ezarri nahi dieten kanonaren harira.

Uztailekoan moduan, atzo, berriro ere, bistakoa izan zen ezarri nahi duten sistema horrek kezkak, ardurak, eta oro har, desadostasuna eragiten duela baserritar askoren artean.

Atzoko batzarrean, 60 bat baserritar elkartu zen Herriko Antzokian. Hainbat gai mahai-gaineratu ziren, baina adostu hiru puntu adostu zituzten.

Elkarrekin, hemen eta Gipuzkoan

Batetik, Soraluzeko egoera zein den ezagutu eta partekatzeko galdetegi bana banatu zieten partaideei, baserriek duten egoera desberdina baita; baserri batzuk badute kontagailua jarrita, beste batzuk ez; batzuei iritsi zaie kontagailuaren eta kanonaren berri ematen duen URA Agentziaren gutuna, beste batzuei ez… eta horrela dago egoera. Halaber, baserritarren kezkak eta galderak ere jaso nahi dituzte galdetegiaren bitartez.

Bestetik, adostu zuten ere gai horrekin lotutako eskaerak modu kolektiboan bideratuko dituztela, herri zein herrialde mailan.

Eta hirugarrenik, adostu zuten Soraluzeko ordezkaritza batek parte hartuko duela Gipuzkoako EHNE-k antolatutako herri arteko batzarretan, eta gero, haietan esandakoa herrikideekin partekatuko dutela.

Ura, oinarrizko eskubidea

Adostutakoaz aparte, gaiarekin zein ur hornidurarekin lotutako beste iritzi batzuk ere partekatu ziren atzoko batzarrean. Adibidez, hainbatek aditzera eman zuten ura izatea oinarrizko eskubidea izanda ere, hori ez dagoela bermatuta Soraluzeko baserrietan, ez baitute Urkuluko ura jasotzeko azpiegiturarik. Gaineratu zuten Urkuluko urak ekartzea denon artean ordaindu zela, baina denek ez dituztela eskubide berak. Hori horrela, egoera horren injustizia mahai-gaineratu zuten eta aldarrikatu zuten edateko ura etxe zein baserri guztietan izateko eskubidea

Bestalde, ildo beretik, uste dute Eusko Jaurlaritzak baserritarrei eskatzen badie ur kontagailuak jarri, kanona kobratu, ur-azpiegiturak zaindu eta bestelako betebehar batzuk egitea, Jaurlaritzak berak ere eman beharko lukeela ur zerbitzuren bat eman. Ala bestela, Jaurlaritzak bere gain hartu beharko lituzkeela zeregin horiek guztiak egiteko ardura.

Eta besteak beste, hainbatek adierazi zuten nahiko luketela jakin zein den gai honekiko Soraluzeko Udalak duen posizionamendua. Are gehiago, uste dute gai honi aurre egiteko Udalaren babesa izango balute, indar handiagoa izango luketela.